Zehazki, eremuaren eraikigarritasunari buruzko xehetasun-azterketa zen onartu zena; horren arabera, solairu bi eta 94 ibilgailurentzako lurpeko aparkalekua dituen eraikin bat altxa liteke aipatutako eremuan, Barrikarako bidean dagoen eta oinezkoentzako pasabidea duen errotonda handiaren inguruan. Partzela osoak 2.869 metro koadro ditu. Horietatik, gehienez ere 800 eraiki litezkeela adierazi zuen Josu Landaluze alkateak ohiko bilkurako eztabaidan, hau da, solairu bakoitzeko 400 metro koadro asko jota (aparkalekua ez da kontuan hartzen).
Aitzitik, EH Bilduko Unai del Burgok esan zuen bozkatu behar zuen dokumentuaren arabera, etorkizunean 3.050 metro koadro eraiki ahal izango direla eremu horretan, solairu biak batuta betiere. Landaluze alkateak erantzun zuen ziurtatu egingo zuela, baina udaleko teknikariek argi eta garbi adierazi diotela hor egiten den eraikinak 500 eta 800 metro koadro bitarteko tamaina izan beharko duela. Zelangura ere, lerro hauek idazteko momentuan eraikigarritasuna 3.050 metrokoa dela irakur daiteke EH Bilduk gaiaz argitaratutako idatzian.
Merkatari txikien kalterako, oposizioaren esanetan
Azaleraren auzia argitzeke, Bareñon merkataritza-gune bat egingo balitz ez litzateke handia izango, ertaina baino. Sopelak behar duena baino handiagoa edozein kasutan Unai del Burgoren ustez. EH Bilduren bozeramailearen berbetan, "ezagutzen dugu Berangoko merkataritza-guneek merkataritzan eta trafikoaren bolumenean izan duten eragin negatiboa, ez Sopelan bakarrik, baita Uribe Kosta osoan ere". Bareñon merkataritza-gune bat eraikitzeak herriko dendari txikiei kalte egingo liekeela gaineratu zuen, eta argudio berdintsuak eman zituen Elkarrekin Podemosek Eder Garciak. "Elkarrekin Podemos-ek ezetz bozkatuko du Sopelako merkataritza-zentroko megaproiektuari. Sopelako negozio txikiaren alde apustu egiten dugu, eredu ekonomiko iraunkorra lortzeko", idatzi du alderdi moreak bere Facebook orrian.
Gobernu-taldea: "Oraindino ez dakigu zer egingo den"
Gobernu-taldeko alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, azaldu zuten bozkatu beharrekoa Bareñon eraiki daitekeenaren ezaugarriak zirela, baina ez zer erabilpen emango zaion, "oraindino Udalari ez baitzaio aurkeztu inongo proiekturik; zurrumurruak baino ez daude". Bareñon merkataritza-gune bat egin zitekeela aipatu zuten jeltzale eta sozialistek baina baita beste mota askotako eraikinak ere ("hipika bat, edo hortz-klinika bat, esaterako"), HAPOan jasota dagoen helburu komertziala baldin badute.
Josu Landaluze alkateak gehitu zuen edozein kasutan, udalera ailegatzen diren proiektuak banan-banan aztertu eta onartu edo ukatu beharko direla, eta merkataritza-gune bat egitekotan ere, aurreikusitako tamainakoa izanda ez litzatekeela hain handia; "hementxe, udaletxe atzean, badugu 300 metro koadroko supermerkatu bat, berbarako".
EAJk eta PSE-EEk xehetasun-azterketaren alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka. DB-TU abstenitu egin zenez, zortzinako berdinketa izan zen emaitza, baina alkatearen kalitatezko botoari esker baiezkoa gailendu zen.
Oposizioak egindako kritiken gainean galdetu dio HIRUKAk udal-gobernuari, eta hau izan da erantzuna: "Planaren ildoa ezin da orain aldatu, legez kanpokoa litzateke; 2011/2015 agintaldian [EH Bildu zegoen orduan gobernuan] gauzak beste era batera egin balira, eta HAPOa behar bezala esleitu izan balitz, partzela horren erabilera aldatu ahal izango zatekeen, baina orain ez".
Ildo horretan, honakoa dio EH Bilduk zabaldutako idatziak: "Sopelako beharrak aldatu egin dira, eta aplikatu behar ditugun irizpide urbanistikoak ere bai. Bareñoko lursaila merkataritza-gune ertain baterako ez den beste helburu baterako erabili beharko litzateke. Legegintzaldi honetan, Sopelarako HAPO berri bat diseinatzeari ekingo zaio. Bareñoko lursailaren erabilera eta zertarakoa HAPO berri horren barruan erabaki beharko litzateke".