Sopelako taberna gehienek legez, ez zituzten ateak zabaldu horretarako aukera eman zitzaien lehenengo egunetik, baldintzak onenak ez zirelakoan. Izan ere, lanerako kondizio hobeak eskatuz talde bat eratu zen herrian. "Baina pare batek zabaldu egin zuen hala ere, eta baten bat ez zen oso ondo portatu gainera", dio Axel Calvínek; "hori, eta lagunek zabaltzeko eskatzen zidatela ikusita, astebete geroago martxan jartzea erabaki genuen, aurreikusita genuena baino egun batzuk lehenago".
Zelakoa izan da itzulera?
Ona oro har. Jakina, terraza handia dugulako merezi digu, eta eguraldia oso ona izaten ari delako, bestela beharbada ez... Esan beharra dago ere Udalak ez digula kasu handirik egin, guk joan behar izan dugu galdetzera. Hori bai, haiek esan ziguten terraza ipini ahal genuela, baina ondo barreiatuta.
Izan ere, ezohiko egoera honetan terrazak ohi baino zabalagoak izateko ordenantzak onartu dituzte hainbat udalek; Berangok eta Erandiok esate baterako. Sopelak ere bai?
Ez, hemen ordenantzarik ez da egon, baina ahoz eman digute baimena normalean debekatuta ditugun lekuetan mahaiak eta aulkiak ipini ahal izateko. Eskertzekoa da.
"Uda osoa galdutzat eman genuen, eta orain berriz, uste dugu Gabonetarako lehengo egoerara bueltatuko garela, baikorrak gara"
Kolpe handia eman dizue konfinamenduak?
Bai. Gogorra izan da, zer egingo ote genuen pentsatzen eta kalkuluak egiten egun osoan, noiz irekiko genuen jakin gabe. Geneukan ia janari guztia bota behar izan genuen, gainera. Bitartean, sare sozialen bidez tabernaren propaganda egiten ibili gara, bueltatzeko momentuari begira. Egia esateko, une batean seguru geunden Gabonak arte egongo ginela itxita. Akabo uda, jaiak...Eta bestelako lanen bila ibili da Axel, banatzaile modura edo. Orain, berriz, uste dugu Gabonetarako lehengora bueltatu ahal izango garela, baikorrak gara.
Asko aldatu da lan egiteko era?
Hasteko, jendea gehiago itxaroten ohitu da, adinekoren bat izan ezik, horiek burugogorragoak izaten dira, kar kar. Orain ez dago kafe bat presaka eskatzerik. Beharbada 3. fasean bai, baina momentuz... Bestalde, guretzat nekagarriagoa da. Egun batean, jakin-minez, erlojuarekin kalkulatu nuen zenbateko distantzia egin nuen lanean [dio Axelek], barratik terrazara etengabeko joan-etorrian; 17 kilometro, goiz batean! Horri gehitu behar zaizkio etengabeko garbiketa eta kontrolatzaile-lana geure gain hartu beharra, distantzia eta beste arauak mantentzen direla bermatzeko, komunera sartu nahi dutenei baimena emateko, eta abar. Ez da erraza, beti ez dakizu beste aldekoak zelan hartuko duen. Baina esan beharra dago. Guretzat isuna handiagoa da bezeroarentzat baino. Bilbon taberna bati 3.000 eurokoa ipini zioten. Ez da txantxetarako kontua.
"Egun batean kalkulatu nuen zer distantzia egin nuen terraza eta barraren arteko joan-etorrian: 17 kilometro goiz batean!"
Terraza bakarrik zabalduta, diru-sarrerek behera egin dute?
Esan beharra dugu guk ez dugula igarri, eguraldia oso ona izan delako. Guk ere uste genuen gutxiago irabaziko genuela baina... Hori bai, lan handiagoa eginez. Hasieran gu bakarrik egon gara. Baditugu neska bi lanean, Enplegu Erregulazio Espedientean egon direnak, eta bat oraindik dago. Bestea, berriz, atzo bueltatu zen lanera [maiatzaren 26an egin genuen elkarrizketa hau], dagoeneko beharra dagoelako.
Betiko bezeroak etorri zaizkizue?
Bai, baina horiez gainera badaude asko, Sopelakoak izanda ere, sekula ikusi gabe genituenak. Normalean hemen bizitza sozialik ez duen jendea da, Bilbon lan egiten duena esaterako, eta poteak ere han hartzen dituena. Orain asko etortzen dira, agian ez direlako lanera joaten. Hori ere ona guretzat.
Momentuz ezin da erabili jende askok uki dezakeen ezer: zapitakoak, zotzak gordetzekoa... Kartarik baduzue erakusteko, zelan moldatzen zarete?
Guk ez dugu bazkaririk eta afaririk ematen, pintxoak besterik ez. Lehenengo astean sukaldean eduki genituen eta jendeari esaten genion zer zuen aukeran, eurek eskatzeko. Orain barran ditugu eta tabernara sar daitezke ikustera, ukitu gabe noski.