Sopelbus zerbitzua bertan behera utzi izana salatu dute

Unai Brea 2020ko eka. 29a, 18:25

© SOPELAKO UDALA

Sopelako udal-gobernuak, aldebakarreko erabakian, Sopelbus zerbitzua eten duela argitaratu du sopela.net webguneak gaur. Agerkari horrek dioenez, gaia ez da osoko bilkuran eztabaidatu, eta ez dator bat 2020ko aurrekontu-akordioagaz, "non Sopelbusentzat 250.000 euroko partida aurreikusten zen". Zerbitzua martxoaren 27tik dago etenda.

Sopela.net-en irakur daitekeenez, EH Bilduk osoko bilkuran galdetu zuen Sopelbus bertan behera geratu izanaz, eta udal-gobernuak erantzun zuen osasun-krisiaren ondorioz ez duela denborarik edukiko zerbitzua lizitaziora ateratzeko, eta udan zerbitzua esleitzea ezinezkoa dela. EH Bilduren ustez, "aitzakia hutsa" da hori, "Udalaren zerbitzuak eta sailak ez baitira behin ere gelditu". Gainera, apirileko osoko bilkuran Sopelbuserako Barik txartela erabili ahal izatea erabaki zela kontuan izan beharra dago, koalizioaren esanetan.

"Sopelbus zerbitzu defizitarioa da, baina sozialki errentagarria" adierazi du EH Bilduk. Zerbitzua 2009tik egon da martxan, sopela.net-ek gogoratu duenez: "EAJ alkatetzan zela hasi zen, eta 2011n, EH Bilduren eskutik, zerbitzua urte osoan luzatu zen. Orain arte, nahiz eta zerbitzu errentagarria ez izan, beti mantendu da bere gizarte-zerbitzuagatik". Besteak beste, Arriateratik eta Sopelmarretik metrora hurbiltzea erraztea eta udan hondartzara joateko aukera ematea aipatu dituzte, zerbitzuaren abantailen artean.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun