Ezinbestean, bete beharreko osasun-protokoloak gogorarazi ditu Sopelako Udalak iraileko kultur programazioa iragartzeko zabaldutako oharrean. "Ekitaldi guztietan zorrotz beteko dira", adierazi dute. Besteak beste, musukoa jantzita izatea eta segurtasun-distantzia mantentzea derrigorrezkoa izango da, kalean zein leku itxietan; gehienezko ikusle-kopuruak murriztu egingo dira, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman beharko du ekitaldi bakoitza egiteko baimena. Gonbidapenak Kurtzio Kultur Etxean eskatu ahal izango dira gaurtik aurrera, eta edukiera betetzen ez den kasuetan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago banatuko dituzte sobera dauden sarrerak, emanaldia egingo den lekuan bertan.
Eguraldia txarra badago, aire zabalean egitekoak diren ekitaldiak Zipiriñe eskolako patiora aldatuko dituzte, irailaren 12ko nekazaritza-azoka izan ezik, euria izatekotan bertan behera geratuko da eta.
Antzerkia, musika, pailazoak...
Gaurtik domekara arte, merkatarien azokak emango diok hasiera programazioari. Herriko dendak eurak izango dira salerosketarako guneak, eta horrez gain umeentzako hainbat tailer antolatu ditu Sopelako merkatarien eta ostalarien elkarteak.
Bestalde, nabarmentzeko moduko hainbat hitzordu daude Sopela Kultura Bizi-ren programazioan. Irailaren 11tik 13ra, urtero legez, Euskal Jaia egingo da, eta horren barruan Ruper Ordorikaren kontzertua azpimarratu beharra dago. Irailaren 11n (barikua) joko du Oñatiko kantari ospetsuak, argitaratu duen azken lana aurkeztuz. Hurrengo aste-akabuan, berriz, Kosta Festen txanda izango da, egitarau murritzagoagaz bada ere azken urteetan irekitako ildoari eutsiko diona.
Azpimarratzeko modukoa da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia ere. Lasarteko hirukote ezaguna irailaren 24an egongo da udaletxeko plazan, Bizi Dantza ikuskizuna eskainiz, eta ez behin, bitan baino. Biharamunean, hilak 25, Kurtzio Kultur Etxeak areto barruko programazioari ekingo dio ostera ere, El Mono Habitado konpainiaren Ave Osos! umore-ikuskizuna eskainiz.
Lotura honetan ikus daiteke iraileko programazio osoa (euskarazko bertsiorik ez dugu topatu).