COVID-19ak baldintzatuta, badator Kosta Fest

Unai Brea 2020ko ira. 14a, 10:52
© SOPELAKO UDALA

Irailaren 18, 19 eta 20an egingo da Kosta Festen seigarren edizioa Sopelan. COVID pandemiak eragindako egoera berezia dela eta, ikusleen eta parte-hartzaileen kopurua mugatuko da bai ikuskizun eta erakusketetan, bai ikastaroetan. Musikari dagokionez, Travellin' Brohers eta Afrika Bibangen kontzertuak izango dira aipagarrienak.

Uhinak eta doinuak uztartzen dituen errezeta ekarriko du berriro Kosta Fest jaialdiak, datorren aste-akabuan Sopelara hurbiltzen direnek dastatzeko. Hori bai, ahoa estalita dastatu beharra egongo da, ezinbestekoa izango baita 6 urtetik gorakoek musukoa jantzita izatea, hala egiteaz salbuesten duen osasun-agiria aurkeztu ezean. 

Bestalde, edukierak mugatuko direnez beharrezkoa izango da kontzertu eta erakustaldietarako aldez aurreko gonbidapenak hartzea, eta tailer eta ikastaroetan izena aldez aurretik ematea. Gonbidapenak irailaren 14tik aurrera eskatu ahal izango dira Kurtzio Kultur Etxean (09:00etatik 14:00etara, astelehenetik barikura), edo Udalaren web-orri honetan. Izen-emateak, berriz, irailaren 17ra bitartean egin daitezke lotura honetan.  

Antolatzaileek azaldu dutenez, elkarregaz bizi direnak edo taldeka doazen pertsonak multzoka jarri ahal izango dira, gehienez bost aulkiko multzoetan. Ikuskizuna egingo den gunera sartzeko eta bertatik ateratzeko kontrola egingo da, jende-pilaketarik egon ez dadin, eta galarazita egongo da jatea, edatea eta erretzea ikuskizunak irauten duen bitartean. "Jarduera guztiak Osasun Sailak berretsi beharko ditu, eta Sopelako Udalak ez du bere gain hartuko programazio horren etendura osoaren edo partzialaren erantzukizunik", ohartarazi dute.

Surfa, musika eta askoz gehiago

Ohi den legez, surfa eta irristaketa-kirolak izango dira Kosta Festen ardatzetako bat. Txapelketak, ikastaroak, argazki-lehiaketak... Zapatuan eta domekan, egun osoz gozatu ahal izango da jarduera horiez eta beste batzuez Arrietara eta Barinatxe hondartzetan.

Gauez musikaren txanda izango da. Bariku iluntzean Afrika Bibang algortarrak emango du kontzertua Udaletxeko plazan, eta zapatuan, leku berean, Travellin´Bruthers talde leioztarrak. Kasu bietan doakoa izango emanaldia.

Hemen kontsulta daiteke egitarau osoa.

 

 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun