Euskal kostaldeko edozein txokotan kamera eskuan ikus daitekeen argazkilari eta bideogilea da Paula Odriozola sopeloztarra, Pauloski izenagaz ezagunagoa dena ur artean. Itsasoari lotuta dago gaztea, olatu artean murgiltzeak naturarekiko konexioa pizten diolakoan: "Purutasuna, gardentasuna, oreka... Nirvana".
Paulownia zurez eginiko surf-taulen inguruko dokumentala da. Zergatik egin duzu mota horretako ikus-entzunezkoa? Zer lortu nahi izan duzu horregaz?
Betidanik interesatuta egon naiz bio-eraikuntzan, hau da, material naturalen bidez eraikitzea. Orain dela sei urte ezagutu nuen zurezko taulekin surfa egiten duen Andrea Molina. Biok batera argazki eta bideo dezente egin ditugu; bera izan da nire inspirazioa, eta noski, taula ekologiko horiei agerikotasuna ematea izan da helburu nagusia.
Noiz hasi zinen hori lantzen eta noiz egin zenuen publiko?
2017an hasi nintzen Paulownia zuhaitzen plantazioen inguruan informazioa biltzen. 2018ko udaberrian Valentziako iPaulownia enpresa bisitatu nuen, zuhaitzak lore more politez beteta zeuden momentua aprobetxatuta. Bidaia jarraituz, Bartzelonara jo nuen Flama Surfboards grabatzeko, Andrea Molinak erabiltzen dituen surf taulen shaper-a, alegia. Taula benetan zoragarriak sortzen dituzte bertan, pasio eta fintasun itzelarekin. Bueltan, Euskal Herrian taula horiek eta Alaiak erabiltzen dituen jendea grabatzen jarraitu nuen. 2019an amaitu nuen eta hiru festibaletan aukeratu zuten, baita pantaila handian proiektatu ere.
Zelako harrera izan du lanak surfaren munduan?
Surflari asko eszeptikoak dira, baina orokorrean harrera positiboa izan duela esan daiteke. Surfaren industria jasangarriago bihurtzeko eta material ekologikoak erabiltzeko asmoa dugu itsasoaren munduan murgilduta gaudenok.
Zurezko taulak garestiagoak diren arren, oso erresistenteak direla eta bizitza luzeagoa dutela dio Paula Odriozolak.
Bestelako dokumentalik egitea aurreikusten duzu etorkizunean?
Momentu honetan Zuku surflariarekin bideotxo bat labean daukat, Sergik sortutako pieza batekin. Zuku lagun handia dut, pertsona ezaguna da Espainian, eta surflari aparta; beraz, gure helburua da eszeptiko horiei demostratzea taulok Mundakako tutuen barruan sar daitezkeela.
Zeintzuk berezitasun ditu Paulownia-egurrez egindako surf taula batek?
Paulownia izeneko zuhaitzaren zur hori oso aproposa da itsasoan murgiltzeko, ezaugarri bereziak dituelako: erresistentzia handia du, iragazgaitza da eta pisu txikia du, besteak beste.
Surfa eta ekologia. Itsasoaren gaur egungo egoera larria dela eta surflariek ekologismoaren alde egin beharko luketela uste duzu? Zelan lagun dezakete arlo horretan?
Kontsumismoaren aro honetan surflari gehienek taula asko dituzte. Zurezko taulak pixka bat garestiagoak dira, denbora gehiago behar dutelako prestakuntzan, baina oso erresistenteak dira eta bizitza luzeagoa dute. Kotxe bat, etxe bat edo janaria erosteko irizpide berdina izango bagenu, zurezko surf-taula gehiago ikusiko genuke.
Badago zurez egindako taulak egiten dituen norbait hemen inguruan?
Salvador Artaza shaperak Alaiak fabrikatzen ditu. Polinesian antzinatik surfa egiteko erabiltzen diren taula-motak dira. Oso finak eta, orokorrean, olatu txikietarako.
Surfari lotutako argazki eta bideo asko ikus ditzakegu zure sare sozialetan. Nondik dator afizio hori?
Olatuekin lotuta dauden kirolak bisualki oso atseginak egiten zaizkit. Bestalde, itsasoan murgiltzeak naturarekin konexio handia pizten dit.
Afizioa ofizio bilakatu duzu?
Ez, hau dena afizioa besterik ez da. Ofizioz marrazketa-irakaslea naiz.
Aurretik ere film laburrak egin izan dituzu, Las chicas de las olas kasu. Zer nahiago duzu, argazkigintza edo bideogintza?
Arte ezberdinak dira. Argazkigintza poesiarekin lotuta ikusten dut, eta bideogintza sormena, irudimena eta sentsazioekin loturik. Sentsibilitatez nire proiektuak margotzea dut erronkatzat.
Paulownia dokumentala, osorik
· PAULOWNIA · from Kantauriko Olatua on Vimeo.