Gaur goizean erregistratu du Denok Batera taldeak Josu Landaluze Sopelako alkatetzatik kentzeko zentsura-mozioa, momentuz zinegotzi bik sinatuta; Jon Gerediaga mozioaren bultzatzaileak berak, eta Patricia Alfonso, Elkarrekin-Podemosek dituen bi zinegotzietako batek.
Testuan irakur daiteke Unai del Burgo EH Bilduko zinegotzi eta koalizioak alkatetzarako aurkeztu zuen hautagaiari kargu hori emateko proposamena egin dutela sinatzaileek. Dokumentuan ikusten denez, oposizioko zinegotzi denen izenpea jasotzea da mozioa sustatu dutenen asmoa, baina oraingoz atxikimendu bakarra lortu dute.

"DB-TUk gonbidapena egin izan die Ezker Anitzako zinegotziari eta EH Bildukoei zentsura-mozio hau babestu eta sina dezaten", azaldu du Denok Baterak; "hala egitea erabakitzen badute, hamar egun barru alkatea eta gobernua aldatu egingo dira Sopelan". Atzo adierazi genuenez, HIRUKAk ez du jaso oraindino EH Bilduren eta Elkarrekin-Podemosen iritzirik gai honen gainean.
Irakurle agurgarria:
Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.
Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda. Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz edo beheko botoiari sakatuz.
Izan zaitez HIRUKAlagun