Zenbatekoari dagokionez, lau multzotan banatuko dira dirulaguntzak. Batetik, 1.000 euro emango dizkiete jarduera guztiz eren behar izan dutenei. Bigarren multzoan daude jarduera guztiz etetera behartuta egon direnak, jarduera hori gauzatzeko lokalik izan barik; eta hirugarrenean, berriz, aktibo egon arren diru-sarrerak ohikoen %60tik behera dituztela egiaztatzen dutenak. Bi talde horietan daudenei 600na euro emango dizkiete. Azkenik, laugarren multzoa osatuko dute diru-sarrerak ohikoen %60tik behera dituztela egiaztatu eta jarduera gauzatzeko egoitzarik ez dutenek; 400 euro jasoko dute horiek.
Aldaketak terrazen araudian
Bestalde, Udalak adierazi du aztertu egingo duela terrazak eta mahaitxoak eremu publikoan ipintzea arautzen duen ordenantza, hura eguneratu eta egokitzeko asmoz. "Ordenantza berri honen bidez", azaldu dute, "oreka bilatu nahi da jarduera ekonomikoak libreki erabiltzeko eskubidearen eta udalerriko kale eta plaza publikoetan okupatu eta ibiltzeko eskubidea duten herritarren errespetuaren artean".
Ildo horretan, gogora ekarri beharra dago EAEn ostalaritza-establezimenduak ixteko agindua eman zenean, Erroia tabernako ugazabak sinadurak biltzen zebiltzala Udalak alboko aparkaleku batzuk kendu eta horietan terraza ipintzeko baimena eman ziezaien, terrazarik ez duen Sopelako taberna bakarra da eta. COVIDagatik ezarritako murrizketengatik, eta batik bat taberna barruan zutunik ezin egoteagatik, negozioaren biziraupena kolokan zegoela azaldu zuten Erroiakoek.