Enpresa-batzordeko ordezkariek gogoratu dutenez, enpresak 47 urte ditu eta azken 30ak Sopelan eman ditu (lehen Leioan zegoen), ia beti Embalacap izenagaz. "Orain dela urte bi Luxenburgoko United Caps multinazionalak erosi gintuen; denak berdin jarraituko zuela esan ziguten: lanpostuak, kokapena, lan-hitzarmenak...". Enpresa ondo dabil eta oso emaitzak onak izan dituzte bi urteotan, "fabrika hobetzeko inbertitu direnak".
Sopelako fabrika, berez, United Caps-Llagostera enpresari dagokio. Izan ere, beste lantegi bat dute Gironako Llagostera herrian, eta legez, bakarra balira bezala funtzionatzen dute Sopelakoak eta hangoak. Horrek, nonbait, eskubidea ematen dio enpresari langileak batetik bestera bidaltzeko. "Azaroaren 2an etorri zitzaigun zuzendaritza", diote Sopelako enpresa-batzordeko ordezkariek, "eta besteak beste mugikortasun geografikoaz hitz egin behar genuela esan ziguten". Berba lauz esanda, ekoizpen guztia Llagosteran kontzentratu gura du United Capsek. Printzipioz ez dituzte Sopelako beharginak kaleratu, baina enpresan segitzeko aukera bakarra Kataluniara joatea dela adierazi dute.
Negoziazioak hasi zituzten, baina arin eten ziren, eta azaroaren 24tik greban daude langile guzti-guztiak, egunero enpresako patioan, "hemengo materiala eroatea galarazteko". Eskaria argia da: ez mugitzea. "Antza denez ezin dugu Sopelan geratu", dio langileen ordezkari batek, "pabilioia ez ei dagoelako oso egoera onean; hori argudiatzen du enpresak besteak beste, orain arte aipatu ere egin ez dutena, baina tira...". Kontuak kontu, Sopelan ezin bada, behintzat inguruan geratu ahal izatea eskatzen dute grebalariek. Jaurlaritzagaz harremanetan egon dira daborduko, enpresa-batzordearen ordezkaritza osoa duen ELA sindikatuaren bidez, eta Ekonomiaren Garapena Sailak aditzera eman die Urtuellan daden pabiloi batzuk ipiniko lituzkeela euren eskura. "Baina zuzendaritzak ez dio Jaurlaritzari telefonoa hartu ere egiten, dena Kataluniara eraman nahi dute eta kito".
Beharginek argitu dute ez dutela mugitu gura. "Familiak hara eroan ditzakegula adierazi digute, baina erantzun diegu gure familiak ez direla maletak, edo larre batetik bestera eroan daitezkeen artaldeak". Gaur manifestazioa egingo dute, 18:00etan hasita, lantegitik (Olabideko industrialdean dago) Sopelako erdiguneraino. Udaletxe aurrean amaituko dute ibilbidea.