"Oinezkoen segurtasuna areagotzeko eta inguruko bizilagunen eskarietako bat errealitate bihurtzeko, Eleizalde kalea (Landa Doktorearen bidegurutzeraino) behin-behinean oinezkoentzako alde bihurtzeko lanak amaitu ditugu", adierazi du Udalak. Kontuak kontu, bertan autorik utzi ezin den arren trafikoak lehen bezala jarraitzen du (abiadura oinezkoenera mugatuta, hori bai), Landa Doktorea kalera eta Eleizalden bertan dagoen garajera ailegatu ahal izateko.
Izan ere, oinezkoek eta garaje horren erabiltzaileek lehentasuna dutela adierazteko seinaleak ipini dituzte asteotan, eta aparkatzeko hamar leku inguru kendu dituzte. Era horretan "erdigune lasaiago, iraunkorrago eta seguruago baten aldeko apustua" egiten dela aldarrikatu du Udalak: “Udalerriko hainbat gunetan mugikortasuna hobetzeko egiten ari garen azterketaren baitan kokatzen den neurrietako bat da. Proiektu pilotua da, behin-behineko jarduketa".