Elkarrizketak

"Erakutsi gura dut gure istorio txikiak ere historia unibertsalaren parte direla"

Unai Brea 2020ko abe. 29a, 10:04

Hainbat komikiren gidoiak idatzi izan ditu Mikel Begoña sopeloztarrak (1964). Orain dela gutxi kaleratu du, Harriet argitaletxearen bitartez, Helize izeneko lana, betiko legez Iñaket bilbotarraren marrazkilariagaz batera. Lehenengo Mundu Gerrako garaian Bizkaian jazotzen den abentura-istorioa da Helize, eta pasarte ugari Uribe Kostan gertatzen dira, hain zuzen ere.

Helize. Nondik dator ideia?

Aspaldian Santamariñe aldizkarian ibili nintzen, eta han izan nuen Wilhelm Wakonigg pertsonaiaren berri; Francoren alde espioitzan ibili zen Austriako kontsula zen. Gernikako bonbardaketaren berri eman zuen Albert Speer kazetariak aipatu zuen Wakonigg aurretik ere ibili zela espioitzan, Lehenengo Mundu Gerran,  itsaspeko ontziei hona heltzeko laguntzen. Antza denez Plentziako badiara sartzen ziren itsaspekoak eta hori ikertu gura izan dut apur bat.

Zenbat da kontatu da, spoiler egin barik?

Istorioan Alemaniako U-boot edo itsaspeko ontzi batek matxura dauka, helizea konpondu behar du eta Plentziako badian sartzen da. Han, arrantzale batek bere burua eskaintzen du helizea gurdian garraiatzeko, ontziola batera. Ontziolaren horren ugazaba ingelesen oso aldekoa da, hau da, kontrako bandoaren zalea. Hori da oinarria. Abentura, espioitza…

Eta futbola...

Bai. Garai hartan pil-pilean zegoen Athletic, eta Getxoko Arenas ere bere historiako momenturik onenean zebilen. Istorioa gertatzen den urtean, 1917an, elkarren aurkako partidu bat jokatu zuten Jolasetan, eta horretan oinarrituta dago komikian ikusten den partidua, tramaren barruan sartuta duguna. Erakutsi dugu garai horretako talde handiena Athletic zela, baina Arenas ere sasoian zebilela. Izan ere, urte hartan Campeonato del Norte delakoa irabazi zion Athletici.  

Bestalde, liburuaren amaieran agertzen den dokumentazio historikoan zure aitita aipatzen da. Harengan ere oinarritu zara, nonbait.

Bai. Komikiaren hasieran agertzen den pertsonaia, Jose, nire aititaren (Jose Begoña) alter ego bat da. Nire aitita marinel ibili zen. 1973an hil zen, ni umea nintzela, eta nik entzunda neukan inoiz kontatu zuela Lehenengo Mundu Gerran itsaspeko batek bera zihoan ontzia urperatu zuela, bere lehen ontziratzean. Hala ere, itsaspekokoak nahiko ondo portatu ziren; eskifaia osoa txalupetara jaitsi zen eta atoian eraman zituzten, erremolkean. Komikian badago horrelako pasarte bat.

Asko ikertu behar izan duzu?

Pilo bat. Istorioak prestatzea aitzakia dira ikerketa egiteko, gozatu egiten dut horregaz. Informazio asko, kasu honetan, hemeroteketan eta historia-liburuetan topatu dut. Bereziki aipatu gura dut Al infierno o a la gloria izeneko liburu bat, Ingo Niebelena, orduko Bizkaia deskribatzen duena; hortik hartu ditut hainbat datu. Komikiaren argumentua oso sinplea da, helizea konpontzearen ingurukoa, baina bilaketa eginez agertzen diren detaileek ematen diote benetakotasuna istorioari.  

Lagunduko zizun ogibidez liburuzain izateak.

Bai, errazten du, hainbat liburu eskuratzea errazagoa da.

Bilbon eta Uribe Kostan gertatzen da komikiaren istorio gehiena.

Tira, Bizkaia osoan, baina Uribe kostan hasi eta amaitu. Beti erabiltzen ditut etxetik hurbil dauzkadan istorioak, nire aurreko komiki askotan ere hala izan da, erakutsi gura baitut gure istorio txikiak ere historia unibertsalaren parte direla.

Komikian ikusten da hemen gerran ez egon arren bertokook batzuen edo besteen alde egiten zutela.

Batez ere Ingalaterraren alde. Bilbok eta inguruak harreman estua zuten Ingalaterragaz, burdina bidaltzearen ondorioz, XIX. mendetik. Eta Lehen Mundu Gerran gehiago indartu zen harreman hori, Ingalaterra blokeatuta zegoenez bere industria elikatzeko modu bakarretakoa Bizkaia baitzen, Bizkaitik burdina, elikagaiak eta abar eroaten ziren. Eta Ingalaterraren alde egin zuten Bilboko itsasadarreko ontzigileek. Ez sinpatiagatik bakarrik, diruagatik ere bai. Asko aberastu ziren.

Komikiko pertsonaia batzuk, berriz, Alemaniaren alde jartzen dira Irlandaren alde daudelako, eta beraz Ingalaterraren aurka.

Bai, hori ere egon zen. Horregaz lotuta, garai hartan euskal mugimendu abertzalean zegoen zatiketa ere erakusten du komikiak, asko sakondu gabe, batez ere abentura-istorioa da eta. Baina gehiago sakondu duenak badu aukera beste iturri batzuetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun