Pandemiaren eraginari aurre egiteko 150.000 euroko saila sortzea proposatu du EH Bilduk 2021eko aurrekontuei egindako zuzenketetan

Unai Brea 2020ko abe. 30a, 12:46

Urtarrilean eztabaidatuko dira Sopelan 2021erako udal-aurrekontuak, eta EH Bilduk gobernu-taldearen proposamenari aurkeztuko dizkion zuzenketen berri eman du. Azaldu dutenez, daborduko udalbatzako beste taldeei esan diete zeintzuk izango diren zuzenketa horiek, abenduaren 18an egindako batzar batean. Denera 245.000 euro inguruko zenbatekoa dute, eta azpimarratzekoa da, horren barruan, COVID-19aren eragina jasaten dabiltzanei laguntzeko 150.000 euroko kontu-saila.   

Hain zuzen ere, pandemiak udalerriko merkataritzan eta ostalaritzan eragindako kaltea arintzea izango litzateke aurrekontuen adar horren helburua, baita lana galdu dutenei edo ABEEEan egoteagatik arazoak dutenei laguntzea ere, koalizioaren esanetan. Etxeko lanen eta zaintzaren arloa bereziki kontuan hartzeko eskatu du EH Bilduk; "nagusiki emakumeak eta migratzaileak dabiltzan sektorea", nabarmendu dute.

Euskararen eta kulturaren alorretan, besteak beste datorren urteko Ibilaldia Sopelan egingo dela kontuan hartzea gura dute: "Gobernu-taldeak dio funtsak bideratuko dituela ekimen horri laguntzeko, baina [proposatutako] aurrekontuetan ez da horretarako sailik ageri". Helburu hori betetzeko 15.000 euro gehitzea proposatu dute, zehazki. Dena dela, euskarak zeharkako gaia izan behar duela eta horrek udal-arlo denetan isla izan behar duela adierazi du EH Bilduk. Bestalde, kultur ekitaldiak bultzatzeko aurrekontuan beste 16.000 euro gehitzea proposatu dute.

Era berean, Hirigintza, Ingurumen eta Jasangarritasun arloan 25.000 euroko aurrekontu-saila gehitzeko proposatu talde abertzaleak, "hiri-altzariak erosteko eta energia-jasangarritasuneko proiektuak garatzen jarraitzeko". Euren esanetan, sail bi horiek hutsaren hurrengoa dira udal-gobernuak aurkeztutako aurrekontu-proposamenean.

Beste arloetan, aipatzeko modukoa da ludopatiaren aurkako kontzientzia-kanpaina bat martxan jar dadin egindako zuzenketa; horren arabera, 7.500 euro erabiliko lirateke kanpaina hori ordaintzeko. "Arazoa gazteei eragiten ari zaie batez ere, apustu-etxeak eta online-jokoa hedatzearen ondorioz", azaldu dute. Parte-hartze bidezko prozesuak antolatzeko ere sail bat sortzea proposatu dute.

Azkenik, "Sopelaren etorkizunarentzat estrategikoak diren proiektuak" izan dituzte gogoan, hau da, EH Bilduk berak EAJ eta PSEegaz sinatutako akordioan jasota daudenak: Zipiriñe eskolaren leku-arazoa konpontzea, herriko trafikoa berrantolatzeko planak, Jauregizar plazaren erreforma, babes ofizialeko etxebizitza... "2020ko akordioaren behin betiko balorazioak eta udal-gobernuak proiektu horien gainean 2021erako dituen asmoek ere eragina izango dute datorren urteko aurrekontuei dagokienez EH Bilduk jarrera bat edo bestea izateko", adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun