Ibilaldia 2021

Datorren urteko Ibilaldia aurkeztu dute Ander Deuna eta Betiko ikastolek

Unai Brea 2020ko aza. 26a, 15:10

Koldo Tellitu (Betiko) eta Xabier Ugalde (Ander Deuna) alde banatan, erdian Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakaria dutela. © IBILALDIA ELKARTEA

Ibilaldia Uribe Kostara etorriko da atzera, eta dena ondo badoa, alegia, pandemiaren batek asmoa zapuzten ez badu, 2021eko maiatzaren 30ean gertatuko da hori. Non eta Sopelan. Orain dela hamasei urte, 2004an, Leioan egin zuten Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, bertako Betiko ikastolak Sopelako Ander Deunagaz elkarlanean antolatuta. Eta elkarlanean jardungo dute 2021ean ere, baina oraingoan Sopelari egokituko zaio Ibilaldia hartzea. 

"Batek baino gehiagok pentsa dezake oraingoa ez dela garairik aproposena Ibilaldia eta halako ekimenak prestatzen eta lantzen hasteko, baina, aitzitik, orain inoiz baino beharrezkoago dugu Ibikaldiak bere-bereak dituen balore horiek azaleratzea eta ekarpen berriak gizarteratzea". Halaxe adierazi dute gaur, datorren urteko Ibilaldia aurkezteko Euskaltzaindian eginiko ekitaldian.

Ander Deuna ikastolako zuzendari Xabier Ugalde eta Betikoko lehendakari Koldo Tellitugaz batera, aurkezpenean egon dira Josune Bañales, Ibilaldia Elkarteko lehendakaria, eta Eider Barrena eta David Cobos, Elorrioko Txintxirri ikastolako lehendakaria eta zuzendaria, hurrenez hurren. Txintxirri zegokion Ibilaldia antolatzea COVID-19ak dena hankaz gora ipini duen zorigaiztoko urte honetan, eta jaialdia ohiko eran ezin eginik, ahal bezala saiatu dira helburuak betetzen.

Kalakalata!: konpromisoz blai

Ahal izanez gero behintzat betiko moduan egingo dute 2021eko Ibilaldia Sopelan, Kalakalata! goiburua erabilita. "Horrekin berbarekin hezur mamiraino heltzen den bustitzea adierazten da", azaldu dute, "barru-barruraino sartzen dena, batzutan deseroso ere sentiarazten gaituena, eta konpromisoa ere adierazi gura da, konpromiso sakona Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera ateratzeko".

Aukezpenean zehaztu dutenez, 2021eko Ibilaldiaren helburuak izango dira ikastolen eredua indartzea; ikastolako komunitatearen eta herriko elkarte eta erakundeekiko harremanetan sakontzea; Ander Deuna eta Betikon eraikinak berritzen eta egokitzen segitzea; jaiotze-tasaren beherakadari aurre egitea; eta proiektu pedagogikoa ezagutaraztea.

Ikastetxe bientzat, Ibilaldia antolatzen duten hirugarren aldia izango da. Elkarregaz egin zuten 2004ko hartaz hain, Betikok 1997an ere antolatu zuen jaia, eta Ander Deunak, berriz, 1990ean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun