Elkarrizketak

"Ez dakit esaten dantza tradizionala ahul dagoen, denetik dago"

Gorka Granado, iaz Bergaran irabazitako garaikurragaz eta txapelketagaz.

Urtarriletik Villabonako Oinkari dantza-taldean dabil Gorka Granado Terrones sopeloztar gazteak (17 urte bete zituen azaroan). Txapelketetan ere ibiltzen da, eta iaz, 16 urte betetzear zituela, XIII. Euskal Herriko Dantza Solte Txapelketa irabazi zuen gazte-mailan, Maren Galvez dantza-bikotekideagaz batera, Bergaran. Eguneroko jarduna zelakoa duen azaldu digu.

Zer harreman izan duzu, eta duzu, euskal dantza tradizonalagaz?

Familian beti izan dugu lotura euskal kulturarekin eta dantzarekin, eta nik ere bai, txikitatik. Ander Deuna ikastolako dantza taldean hasi nintzen, 5 urte nituela; gero ama batzuek Eguzkilore taldea sortu zuten Sopelan, eta han hasi nintzen. Urtarrilean Oinkarin hasi nintzen eta harrezkeroztik ez nago Eguzkiloren. Hala ere beti egongo naiz herrian, nahi dutenerako. 

Zelan eman zenuen jauzia Oinkarira?

Zerbait gehiago nahi nuen, txapelketetan hasi nahi nuen, eta Lurdes Esnaola ezagutu nuen, Lezoko dantzari bat. Hura izan zen nire irakaslea txapelketetarako. Oinkariko irakaslea ere bazen (gero istripi bat izan zuen eta oraingoz ez du entsegurik zuzentzen),  eta berak proposatu zidan bertan sartzeko. Lezora ere joaten naiz oraindik, hangoa baita nire dantza-bikotekidea, Maren Galvez. Oinkariko entseguetarako, berriz, astean bizpahiru bider joaten naiz Villabonara, oporretan gehiago.

Egundoko maila du Oinkarik. Probaren bat egin zizuten sartzeko?

Ez. Nik lehenago sartu nahi nuen bertan baina Lurdesek, irakasleak, apur bat itxaroteko esan zidan, ondo prestatu arte. Urtarrilean hitz egiten zuten Lurdesek eta Eneko Arteagak, Oinkariko zuzendariak, eta sartzeko esan zidaten. Ni naiz Gipuzkoatik kanpoko bakarra; gehienak hangoak dira, Villabonakoak eta ingurukoak. 

Eta tartean, pandemia...

Konfinamenduan online egiten genituen eskolak, baita Lurdesekin ere, txapelketetarako prestatzeko (nahiz eta ez genekien noiz hasiko ziren berriro). Eta geroztik, behar izan denean, baimen berezi batekin joan naiz, lana balitz moduan. 

Ez da talde profesionala, ordea.

Ez, ez gara honetaz bizi, baina profesionalak bagina moduan egiten dugu lan: 3-4 egun astean, ordu asko, lan handia... Bitartean batxilergoko bigarren maila ikasten nabil, datorren urtean ikus-entzunezko komunikazioa ikasten hasteko asmoz, Mondragon Unibertsitatean. 

Zergatik Oinkari. Hurbilago ez zegoen pareko ezer?

Dantzaren arloan Oinkari beti izan da erreferente bat niretzat. Gainera, ez du euskal dantza jorratzen bakarrik, dantza garaikidea ere tartekatzen du, eta horrek arreta piztu zidan. 

Batzuek kritikatzen dute dantza tradizionalaren molde batzuk gehiegi urruntzen dabiltzala betikotik.

Tradizionala ondo menperatu behar da beste pauso batzuk emateko, eta Oinkarin hori ondo zaintzen da: tradizionala ez da galtzen, beti egiten dugu, entseguetan lantzen dugu, eta gero garaikidea sartu. Tradizionala jakin behar da, bestela galduko da. 

Zer osasun du euskal dantza tradizionalak?

Talde askotan ikusten da galtzen ari dela, jende gutxiago dabilela, talde batzuk desagertzen... Baina ez dakit esaten dantza tradizionala ahul dagoen. Gipuzkoan adibidez ikusten da sasoian dagoela, talde asko daude (denetik dago horien artean, baina tira), jendea badago nahiz eta gero mutil gutxiago dabilen... Betikoa. Bizkaian makalago dago kontua; hori da ni Gipuzkoara joateko beste arrazoi bat. Oinkari bezalakorik, adibidez, ez dut ezagutzen Bizkaian. 

Zelakoa da han entsegu bat?

Bi ordukoa izan daiteke, eta badaude luzeagoak ere, hiruzpalau ordukoak. Hasieran ariketa fisikoak egiten ditugu 45 minutuz edo: luzapenak, flexioak, abdominalak eta abar. Eta gero dantza, hurrengo ikuskizuna prestatu, ikuskizunik badugu hurbil. Ni ez naiz joaten entsegu denetara distantziagatik, ikasketengatik… Gurasoek eramaten naute, gainera. 

Eta bitartean, txapelketak.

Bai, oso lan handia eskatzen du horietarako prestatzeak. Txapelketarik egongo ez balitz, ez genuke berdin entseatuko. Azken batean, txapelketak helmuga bat ipintzen dizu, eta ahalegin handiagoa egiten da horra heltzeko. Ni fandango eta arin-arin txapelketetan ibiltzen naiz, baita Bizkaiko eta Gipuzkoako aurreskukoetan ere. Aurten, dantza soltean, lehenengoz jardun dugu Maren Galvez eta biok helduen mailan, eta nahiko txukun aritu gara.

Mantendu dira txapelketak, pandemia-garaian?

Gutxiago, baina bai. Lehen urtean hamabosten bat izaten ziren, eta aurten bospasei egin dira.

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun