Elkarrizketak

"Oso esperientzia ona izan da niretzako"

Ander Zarraga 2021ko urt. 27a, 09:00

Estefanek bostgarren postua eskuratu zuen Tarragonan egin zen Espainiako txapelketan. © JON ESTEFANE

Abenduan, Tarragonan egin zen Espainiako Txapelketan bosgarren postua lortu zuen 15 urteko gazteak. Hala ere, aitortzen du urte arraroa izan dela, pandemiagatik, eta ez daki noiz lehiatuko den berrio.

Sopeloztar gazteak astean bost edo sei aldiz entrenatzen du, Estatu-mailako txapelketa bateko maila izateko. So-pelako Irristaketa Taldean hasi zen patinatzen, 2016an, eta orain, Gira Getxo taldean dago, Placido Santos entrenatzailearen gidaritzapean.

Nolakoa izan da Estatu-mailako txapelketa baten lehen aldiz parte hartzea?

Apur bat arraroa izan zen, ohituta nagoelako jende askoren aurrean patinatzera; nire lagunen eta nire familiaren aurrean. Orduan, ez zegoen inor, beraz apur bat arraroa egin zitzaidan. Bestalde, nire lehen aldia zenez, ilusio askorekin joan nintzen, eta oso ondo egon zen. Oso esperientzia ona izan zen niretzako.

Nolakoa da patin-gaineko irristaketa artistikoa?

Izotz gaineko patinatzearen berdina da, baina izotzaren ordez gurpilekin. Ez dut inoiz izotz gainean patinatu, baina nik uste dut zailagoa dela gurea, botek eta gurpilek pisu gehiagoa dutelako. Gainera, izotzak, berez, gehiago irristatzen du, eta guk egiten ditugun piruetentzako gure patinek zailagoa egiten dutela esango nuke.

Entrenatzerako orduan pandemiak ere eragingo zizun, ezta?

Gogoratzen dut berrogeialditik irten ginenean kalean egiten genituen entrenamenduen bideoak bidaltzeko eskatzen zigula gure entrenatzaileak. Baina gu ohituta gaude pabiloietan edo lur leunetan patinatzera, eta horietara ezin ginenez joan, kalean entrenatzen genuen. Hori oso zaila da, gure lau gurpileko patinek ez dutelako ondo jasaten.

Egoera normalean non entrenatzen duzu?

Nik Gobelan, Faduran edo Zubilleta eskolan entrenatzen dut. Getxon hiru klub daude, baina banatuta goaz entrenatzera.

Zein da bidea Estatuko txapelketa batean lehiatu ahal izateko?

Lehendabizi bost maila gainditu behar dira, gero Euskadiko txapel-ketara joateko. Lehena gelditzen bazara, nota onarekin, orduan Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izaten duzu.

Gure inguruan kirol horren inguruko zale-tasuna dago?

Sopelan gutxi gara patinatzen dugunok, eta uste dut orain dela gutxi taldea desegin zela ere, pandemiaren kontuagatik. Ez nago seguru nola dauden orain, baina entrenatzeari behintzat utzi zioten.

Ba al dakizu 2021ean lehiaketarik egingo ote den?

Orain, COVID-19a dela eta, ez dakit lehiaketarik egingo ote den. Egin beharko litzatekeen hurrengo txapelketa Euskadikoa da, baina ez dakigu egingo den ala ez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun