Hirugarren urtez parte hartu du Sopelak Googaz 3.0 ekimenean; udalerrian Scape the Herria izeneko lehen froga egin zuten otsailaren 13an, zapatuan. Scape-joko horretan, 17 taldetan banatuta zeuden 46 gaztek parte hartu zuten, eta, guztira, herriko merkataritzagaz erlazionatutako 11 jarduera egin zituzten; hala nola Sopelako komertzio zaharrena aurkitu, xehetasun batzuk betetzen zituzten establezimenduen argazkiak atera, galdera batzuk erantzun…
Errotik taldea osatzen duten hiru neskek irabazi zuten lehen froga hori, eta, orain, Bizkaiko gainerako udalerrietako talde irabazleakaz lehiatuko dira Bizkaiko Kopan. Hortik irabazle ateratzen den taldeak Europatik bidaiatzeko aukera izango du, ezagutzeko beste herrialde batzuetako merkatarien arazoei nolako konponbideak ematen dizkieten.
“Orokorrean, gazteen parte-hartzea eta jarrera oso ona izan zen. Jokoan zein ideia berrien planteamenduan gogotsu jardun baitzuten. Izan ere, ustez baino denbora gehiago egon ziren proposamenak aztertzen, eta agerian geratu zen, beraz, dena ondo egin nahi zutela”, adierazi dute antolatzaileek.