Sopelako gazte militanteek azaldu dutenez, hainbat izan dira azken asteotan udaltzaingoek eta ertzainek euren kontra egindako erasoak. Joan den barikuan egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, otsailaren 7an, pankartak jartzen ari ziren gazte batzuk identifikatzeko agindu ei zieten udaltzainek, eta, horiek, hori ez zutela zertan egin adierazi zutenean, poliziek komisariara eramateko mehatxua egin zieten, "tratu bortitzekin ibili zitzaizkien, harik eta identifikatu ziren arte", deitoratu dutenez.
Egun batzuk lehenago, beste bi kide identifikatu zituzten ertzainek, pankartak jartzeagatik ere. Azkenengo jazarpena gazteak horma batean torturaren aurkako murala egiten ari zirela jazo zen; kasu horretan, gazteek deitoratu dutenez, polizia euren kontra oldartu zen: "Udaltzainak bat-batean iritsi eta kideetako bat bortizki bultzatu zuten, pareta baten aurka burua kolpatuz eta odoletan eta zorabiatuta utzita. Kide hori ospitalera joan behar izan zen, eta, hori gutxi balitz bezala, hura miatu eta motxila hustera behartu zuten".
Prentsaurrekoan azpimarratu zuten Sopelan adierazpen askatasuna "bortxatu" egiten dela "inpunitate osoz". Gazteen ustez, poliziek zentsuratu egiten dituzte behin eta berriz, pankartak jartzerako orduan militanteak identifikatzeaz gainera, eduki politikoa duten pintadak, kartelak eta bestelakoak desagertu ei direlako egun batetik bestera.
Horrez gainera, egunotan, pandemia-garaian, bizi den gazteekiko kriminalizazioa deitoratu zuten: "Osasun-krisiaren deskontrola guri egotzi nahi izan digute hasiera-hasieratik, gure arduragabekeria seinalatuz behin eta berriro, eta egiten duguna egiten dugula ere gure gain ezarriz erru guztia. Krisiari konponbidea eman beharrean, arduradun politikoek gazteongan zentratu dute arreta, bien bitartean gizartearen osasunari baino haien poltsikoei komeni zaien neurriak hartuz".
Hori dena dela eta, gazteenganako kriminalizazio gehiago onartuko ez dutela azpimarratu eta protesta egingo dutela iragarri dute. Hurrengo hitzordua zapatu honetan jarri dute, hilaren 27an, Sopelako Udaltzaingoaren egoitzaren aurrean, 13:00etan.
Eguenean, epaiketa
Aurretik aipatutako eraso guztien artean, udalerrian kartelak pegatzeagatik udaltzainek Ernaiko kide bat atxilotu dutela nabarmendu dute gaur. Gazte antolakundeak jakinarazi duenez, Udaltzaingoak bi gazte identifikatu ditu jarduera hori egiteagatik, baina, hirugarren bat, bere burua identifikatzeari uko egin ondoren, hura atxilotuta eraman zuten poliziek komisariara. Eguenean, hilaren 25ean, epailearen aurretik igaro beharko da gaztea; bitartean, gazte antolakundeak kontzentrazioa deitu du egun horretarako, 09:30ean Getxoko epaitegien aurrean.