Sopelako Udalak 2020ko abuztuan aurkeztu zuen Sope-LAN programa martxan jarri du. Horretarako, Udalak 45.000 euro bideratu zituen enpresa-proiektu berriak eta langabetuen kontratazioa sustatzeko xedeagaz. Era berean, ekimen honen bidez, mikroenpresak eta profesional autonomo sopeloztarrak bultzatu gura ditu Udalak, horiek modernizatzeko eta beraien ekipamendu teknologikoa hobetzeko inbertsioak finantzatuz. Oro har, deialdi honetan, 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitartean egindako inbertsioak finantzatuko dituztela azaldu dute.
Sope-Lan, norgehiagoka-araubidean emango diren diru-laguntzen hiru lerrok osatzen dute. Hala, Sopelan enpresa-sorkuntza proiektuek 15.000 euroko zenbatekoa izango dute, udalerriko langabeak kontratatzeko, gutxienez hiru hilabetez eta lanaldiaren % 50erako; beste 10.000 euro bideratuko dituzte Sopelan instalatutako mikroenpresen eta profesional autonomoen berrikuntza-inbertsioetarako; eta, azkenik, lehiakortasun-hobekuntzarako 20.000 euro bideratuko dituzte.
Eskabideak
Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 17an ireki eta irailaren 30era arte egongo da zabalik. Eskabide horiek Sopelako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Sabino Arana kalea 1), bai eta bide telematikoz ere, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez ( https://sopela.egoitzaelektronikoa.eus).