Atxiloketek borroka eta antolakuntza "kriminalizatzea" helburu dutela salatu dute Sopelan

Erredakzioa 2021ko uzt. 22a, 22:43

Gaur goizean egindako polizia-operazioa salatu eta atxilotutako lagunei babesa eta elkartasuna adierazi diete Sopelan arrastian batutako 200 pertsonak baino gehiagok. Atxilotutako hiru gazteak aske gelditu dira arrastirako.

Espainiako Poliziak 3 sopeloztar atxilotu ditu gaur goizean, eta beste herritar baten etxea arakatu dute. Ustez, udalerrian joko aretoek sortzen duten miseria salatzeagatik atxilotu zituzten. Arrastian aske geratu dira, baina, hala ere, atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin dute Sopelako udaletxeko plazan.

Atxilotutakoak goiz osoa eman dute gatibu, baina arrastirako aske utzi dituzte. Lekukoek azaldu dutenez, operazioa Espainiako Poliziak burutu duen arren, aurretik daborduko prozedura judizial bat irekita zegoen, Ertzaintzak abiatutako ikerketa baten ondorioz.

Atxiloketak salatzeko, elkarretaratze jendetsua egin dute Sopelako udaletxearen aurreko plazan. Mota horretako operazioek borroka eta antolakuntza "kriminalizatzea" helburu dutela eta herri mugimenduaren kontrako "zuzeneko erasoa" izan dela nabarmendu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun