Kiribile elkartea

Kiribile: "Eraztun Berdea herri proiektua izan behar da"

Ander Zarraga 2021ko ira. 17a, 11:01

Aitor Zubiaga, Ibai Zulaika eta Irantzu Goitia, Kiribile elkarteko partaideak. © KIRIBILE

Kiribile elkartea sortu dute Sopelan, herriko ondare natural, historiko eta kulturala babestuko duen Eraztun Berdea osatzeko helburua duen ekimen parte hartzailea, hain zuzen ere. Azaldu dutenez, herritar talde batek bultzatutako elkartea da, ingurumena eta ondarea babesteko interesa duten guztientzako irekia eta izaera proposatzailea duena. Kiribileren hiru bultzatzaile elkartu ditugu, dituzten helburuei buruz gehiago jakiteko.

Zer da Kiribile elkartea?

Aitor Zubiaga: Kiribile elkarteak izan nahi du Sopelako inguru naturala balioan ipintzeko proposamenak eta ideiak mahai gainean ipiniko dituen eragilea. Dagoeneko, proposamen zehatzak egiten hasiak gara, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu.

Nortzuk osatzen duzue?

Ibai Zulaika: Elkarte heterogeneoa gara, pertsona anitzez osatua, eta, beraz, erabaki guztiak elkartea osatuko dugun guztion parte-hartzearekin hartuko ditugu.

Irantzu Goitia: Hastapen hauetan, naturaren inguruan sentsibilitate berezia dugun pertsonak elkartu gara: biologoak, basozainak, basogintzan aritutakoak, txorizaleak, landarezaleak, antropologoak, arkeologoak, mugimendu ekologistan ibilitakoak... Naturaren inguruan murgilduta edo interes handia dugun jendea gara. Baina argi gera dadila: elkartearen partaidea izateko ez da inongo titulurik behar, gure inguru naturala babesteko grina izatea nahikoa da.

"Elkartearen partaidea izateko ez da inongo titulurik behar, gure inguru naturala babesteko grina izatea nahikoa da"

Zein da elkartearen helburua?

I.Z.: Helburu orokorra Sopelako ondare naturala, historikoa eta kulturala gordetzea eta balorean ipintzea da. Bere ezagutza bultzatzea oso garrantzitsua dela deritzogu sopeloztarrok zaindu eta goza dezagun. Gainera, Kiribilek gure herriaren bioaniztasunaren aberastasuna (landareak, loreak, zuhaitzak, animaliak, hegaztiak,...) azaleratu nahi du.

Beste udalerri edo proiekturen eredua hartuko duzue Eraztun Berdea osatzeko?

A. Z.: Aurretiaz aipatutako guztia ahalbidetzeko Eraztun Berdearen tresna oso egokia dela deritzogu; izan ere, beste guztia egikaritzeko tresna izan daiteke. Eraztun Berdearen bitartez, perimetro bat sortu dezakegu gure inguru naturala babesteko; zaindu eta zabaldu daitekeen bitarteko eraginkorra izango litzateke, hain zuzen ere.

I. G.: Eraztun Berdea beste udalerri batzuetan erabili da, eta arrakasta handia izan du. Hori landu duten udalerriek, egun, harrotasunez hitz egiten dute horretaz.

I. Z.: Gasteiz, Zarautz... Badaude adibide eta ekimen asko kontuan hartzeko, baina hemen egingo dena Sopelatik eta sopeloztarrontzat asmatu eta eraiki beharko dugula argi dugu.

"Gasteiz, Zarautz... Badaude adibide eta ekimen asko kontuan hartzeko, baina hemen egingo dena Sopelatik eta sopeloztarrontzat asmatu eta eraiki beharko dugula argi dugu"

Sopelan zeintzuk dira zuen ustez une honetan babes berezia izango luketen guneak?

A. Z.: Guk ideia orokor bat badugu. Aipatu bezala, egun dugun esparru natural guztia babesteko eta herritarrok erabil dezagun perimetro bat osatzeko ideia daukagu. Perimetro hori nondik joango den eta nolako interbentzioak egin beharko diren zehazteko eragile ezberdinekin batera zehazten joan beharko gara. Prozesu partekatu bat abian ipini nahi dugu hori guztia erabakitzen eta gauzatzen joateko.

Zeintzuk izango dira Eraztun Berde horren oinarriak?

I. G.: Lehen esan bezala, Eraztun Berdea egia izan dadin, elkarlana ezinbestekoa izango da. Proiektu hau elkarlanean egingo dugu, bestela oso zaila izango da ondo egitea. Beraz, guretzat, Eraztun Berdea ez da izan behar Kiribileren proiektua, edo Udalarena, edo beste batena. Eraztun Berdea herri proiektua izan behar da.

I. Z.: Hori dela eta, gainontzeko eragileekin, instituzioekin, alderdiekin eta eragileekin, ideiak partekatzen ari gara. Hitzarmen estrategikoa planteatzen ari gara, hortik aurrera, guztion artean Eraztun Berdea definitzen joateko. Badakigu elkarlanaren kultura ez dagoela oso garatuta gure artean, baina Kiribileren helburuetariko bat hori ere bada. Zerbait handia eta ederra egin nahi badugu ezberdinen arteko elkarlana garatzen ikasi behar gara.

A. Z.: Horretaz gain, Eraztun Berdearen oinarriak lau izango lirateke:

  1. Gure natur-guneak babesteko eta berreskuratzeko perimetro sendo bat eraikitzea eta HAPOan islatzea.
  2. Bertoko landareak eta zuhaitzak berreskuratzeko eta ugaltzeko ekimenak gauzatzea.
  3. Gure ondare historikoa eta kulturala (baserriak, errotak, Flyscha, herri-bideak, aztarna arkeologikoak, etab.) Eraztun Berdearen parte esanguratsua izan beharko lirateke.
  4. Gure bioaniztasuna ezagutu, katalogatu eta ugaltzeko ekimenak burutu. Hegaztiak, narrastiak, intsektuak, eta abar. Gurekin batera bizi diren bestelako sopeloztar horiek, hain zuzen ere.

"Proiektu hau elkarlanean egingo dugu, bestela oso zaila izango da ondo egitea. Beraz, Eraztun Berdea herri proiektua izan behar da"

Zeintzuk dira epe laburrean egiteke dituzuen ekintzak?

I. Z.: Orain arte, elkartea sortzeko eman beharreko kontaktuak, tramitazioak eta horrelakoak egiten ibili gara. Horri amaiera eman beharko diogu. Horretaz gain, Abaroko Planari alegazioak aurkeztu dizkiogu eta Zabalbideko artadia garbitzeko eskaera aurkeztu dugu. Horretaz gain, gure herriko bioaniztasun guztia, apurka apurka, ezagutzen eta katalogatzen joango gara: hegaztiak, landareak, zuhaitzak, bestelako animaliak, eta abar.

I. G.: Instituzioekin eta alderdiekin harremanak lantzen gabiltza, eta lan horrekin jarraituko dugu. Hitzarmen estrategikoaren aukera landu beharko dugu, eta, aldi berean, Eraztun Berdearen proiektu zehatzak lantzeari ekin behar diogu.

A. Z.: Elkartea ezagutarazteko lana ere burutuko dugu. Gure asmoa eta gogoa herritar asko hurbiltzea da. Jende asko eginkizun honekin interesa duelakoan gaude eta elkartea zabal-zabalik dago guztiak partaide izan daitezen.

Elkarte irekia zaretela azpimarratzen duzue, nola parte hartu dezake jendeak?

I. G.: Animatu nahi dugu interesa edota gogoa izan dezakeen jende guztia inolako beldurrik gabe gurekin harremanetan jar dadin. Elkartea zabal zabalik dago. Horretarako helbide elektroniko hau martxan ipini dugu:  kiribilesopela@gmail.com.

A. Z.: Momentu oso ona da elkartearekin bat egiteko, denok hasi berriak baikara. Aukera egongo da, norberak izango dituen gogoen edota ahalmenaren arabera, eginkizun ezberdinetan parte hartzeko: Eraztun Berdearen ibilbidearen proiektuak definitzen, hegaztiak behatzen eta katalogatzen, berdin landareekin, zuhaitzekin...

I. Z.: Bai, beldur barik jendea hurbil dadila. Ideia asko ditugu eta hurrengo urteko planifikazioa egitera goaz. Ziur gaude gustuko izango duten zerbaitetan parte hartzeko aukera aurkituko dutela.

"Momentu oso ona da elkartearekin bat egiteko, denok hasi berriak baikara. Aukera egongo da, norberak izango dituen gogoen edota ahalmenaren arabera, eginkizun ezberdinetan parte hartzek"

Udalaren edo herriko beste eragileren babesa duzue?

I. G.: Aipatu dugun bezala, eragile instituzionalekin eta politikoekin harremanak lantzen ari gara. Lehenengo inpresioa baikorra da, ondo hartzen ari baitira plazaratutako ideiak, eta bidea egiteko nolabaiteko prestutasuna sumatu dugu. Gainera, proiektuaren berri eman diegun sopeloztarrek ere harrera ona egin diote. Onura handiak etor daitezke Eraztun Berdearen eskutik. Hau bide luzea izango da eta hasi baino ez da egin. Guztiei animatzen diegu bidelagun izan daitezen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun