Egun hauetan egiten ari diren Surf Business Meeting ekimenagaz batera, Roll it Girl komunitateak eta Sopelako Udalak Roll it Girl jaialdia ospatuko dute, bihar, zapatuan. Skate ikuskizunak, jarduera artistikoak, food truck-ak bertako artisten emanaldiak eta hainbat sorpresa eskainiko dituzte egun osoko egitarauan.
Roll it Girl komunitateak neskak taula gainera igotzera bultzatzeko helburua duen mugimendua da; beraien helburua da surf, skate edo snowboard bezalako kiroletan emakumezkoen presentzia areagotzea, hain zuzen ere. Horren kideek azaldu dutenez, daborduko 1.000 neska patinatzaile elkartu dituzte, eta biharko jaialdiari esker hazten jarraitzeko asmoa dute.
Egitaraua
Ekitaldia urriaren 9ko 11:00etan hasiko da Sopelako Landaluze kalean. Hortik aurrera, hainbat ekintza antolatuko dituzte egun osoan zehar; jarduerak domeka goizaldean amaituko dira, 03:00etan egongo den DJ Saioaren emanaldiagaz..
Jaialdiaren lehen edizioa 2019ko udaberrian egin zuten, Roll it Girl filmaren estreinaldiaren ondoren. Aurten, berriz ere jardunaldi arrakastatsua izatea espero dute antolatzaileek, eta, horregatik, skate-zaleei zein inguruko herritarrei parte-hartzeko eta jaialdiaz gozatzeko deia egin diete.