Elkarrizketak

Ihart Arakistain: "Horrelako txapelketa bat egitea oso pauso handia da zesta-puntarentzako"

Ander Zarraga 2021ko aza. 5a, 08:18

Aurtengo zesta-puntako munduko txapelketa urriaren 17tik 23ra jokatu da Iscarren. © IHART ARAKISTAIN

Arakistain sopeloztar gaztea txapeldunorde geratu da, urriaren 17tik 23ra Iscarren jokatu den lehendabiziko emakumezkoen 23 urtez azpikoen zesta-puntako Mundialean. 

Irabazi ez arren, zesta-puntako Munduko Txapelketako finala jolastea "esperientzia polita" izan dela dio 15 urteko Ihart Arakistainek. Hainbat frontoitan taldekide izan duen Maialen Aldazabalegaz jokatu zuen finala Iscarren (Valladolid), eta, bertan, aurrez aurre izan zituzten Maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardi Espainiako selekzioko kideak. Berezia izan zen urriaren 23an jokatu zen finala, izan ere, zesta-puntaren historian emakumezkoen 23 urtez azpikoen lehen Munduko Txapelketa izan zen.

Zesta-puntako eskola Uribe Kostan: "Sopelako Kurene Pilota Elkarteak zesta-punta eskola zabaldu du aurtengo ikasturtean; asmoa da Uribe Kostan ere zesta-punta zabaltzea, eta ea talderik osatzea lortzen dugun"

Horra heltzeko, Arakistainek eta Aldazabalek Frantziako A eta B bikoteak eta Mexikoko taldea mendean hartu behar izan zituzten: "Denak irabazi genituen, eta finalera pasatzea lortu genuen", dio zestalariak. 
Azkenean, final handian, Ortiz de Mendibilek eta Lizardik osatutako bikoteak eraman zuen garaikurra, baina sopeloztarrak dioenez, "aurretik ere ezagutzen genuen elkar, ia egunero jolasten dugu beraiekin, eta hainbat txapelketatan ere ikusten gara; beraz, pozik gaude emaitzarekin".

Horren aurretik, urriaren 2an eta 3an, Zumaian jokatu zen zesta-puntako Espainiako kluben arteko txapelketa irabazi zuen Arakistainek. Eta, horretan, sopeloztarrak hirugarren aldiz eskuratu zuen garaipena emakumezkoen 23 urtez azpikoen mailan.

Historiako Mundialeko finalak izandako garrantziaz galdetuta, Arakistainek uste du "oso pauso handia" izan dela zesta-puntaren munduarentzako, bai Espainian bai nazioartean ere. Horretaz gain, bere esanetan, lehiaketak garrantzia eta oihartzun handia izan du, eta horrek ume eta gazte asko erakarriko ditu zesta-puntara. "Gainera, horri esker, neskak ere animatuko dira, ikusi dutelako beraiek ere final handietan jokatzeko aukerak dituztela".

Bestalde, aurten, Sopelako Kurene Pilota Elkartea zesta-puntako eskolak ematen hasi da, eta Arakistain da bertan dauden gaztetxoen entrenatzailea: "Asmoa dugu Uribe Kostan ere zesta-punta zabaltzea; ea taldea osatzea lortzen dugun, eskualdean ez baitago horrelakotik. Hala ere, goiz da ezer esateko; momentuz, klase gutxi izan ditugu, baina dagoeneko 13 edo 14 ume ari dira"

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun