Gabonak ederto ospatzeko hainbat jarduera prestatu dituzte Sopelan

Erredakzioa 2021ko abe. 7a, 18:42

Itzotz-pista abenduaren 23tik aurrera egongo da Urgitxieta plazan.

Ohitura denez, izotz-pista abenduaren 23tik urtarrilaren 5era bitartean egongo da Urgitxieta plazan. Gainera, Sopelako Udalak beste hainbat ekintza prestatu ditu Gabonak direla eta; ez dira faltako ohiko Olentzeroren gaua eta Errege Magoei ongietorria; egunotan egongo diren jardueren egitaraua HIRUKAren Sopelako agendan aurkitu daiteke.

Uribe Kostako udalerriak Gabonetan murgiltzen ari dira, eta urtero legez, ez dira faltako Sopelako izotz-pista eta Txu-Txu trena; abenduaren 23an hasiko diren ekimenak abenduaren 4ra eta 5era arte egongo dira, hurrenez hurren. Horretaz gain, Sopelako Udalak beste hainbat ekintza prestatu ditu: arte eszenikoak, musika, eta umeentzako hainbat jarduera, besteak beste.

Alde batetik, gaztetxoentzako hainbat kultur ikuskizun egongo dira: Olentzeroren Gutunak antzerkia antzeztuko dute hilaren 20an; Zuhaitzak landatzen zituen gizona antzezlana, aldiz, 21ean izango da. Horretaz gain, abenduaren 27, 28 eta 29an umeentzako Gabonetako parkea ere egongo da. 

Beste aldetik, publiko nagusiarentzako zenbait ikuskizun ere egongo dira abenduan eta urtarrilean: hilaren 17an, Txabi Franquesak Escocia bakarrizketa egingo du Urgitxieta plazan; Amoria & Dolore: Elkano lehen mundu bira dantza-ikuskizuna abenduaren 19an izango da; eta La psicologia del color familia guztiarentzako ikuskizuna urtarrilaren 2an izango da.

Kirolek ere bere tokia izango dute Gabonetako egitarauan, izan ere, hilaren 31n, San Silvestre herri-lasterketa egingo dute, Urgitxieta plazatik abiatuta. Izen-emateak hiru euroko prezioa dauka, eta batzen den dirua dohaintzan emango dute. Bestalde, Urko kiroldegian, xake-txapelketa ere egingo dute urtarrilaren 2an, 10:00etatik aurrera.

Hainbat umek itxaroten dituzten egunak ere ospatuko dituzte Sopelan, hala, abenduaren 24an, 17:00etan, Olentzerok bere gaua izango du. Urgitxieta plazatik abiatuta, Olentzero eta Mari Domingi Udaletxe plazara joango dira gozokiak banatzen. Errege Magoei ongietorriak itxiko ditu Gabonetako jarduerak; urtarrilaren 5ean izango da, 18:00etan, Larrabasterratik udaletxe plazara egingo duten ibilaldiagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun