Sopelako Udalak 16,4 milioi euroko aurrekontua onartu zuen 2022rako, abenduaren 23an egindako osoko bilkuran. Josu Landaluze alkatearen graziazko botoari esker onartutako aurrekontua udalerriko historiako altuena da, aurreko ekitaldian baino % 13,54 gehiago.
Gobernu-taldea osatzen duten EAJ (6) eta PSE (1) taldeen babesa izan zuen aurrekontuak, aldiz, EH Bilduk (6), Elkarrekin Podemosek (1) eta DB-TU (1) Sopelak aurka bozkatu zuten eta Podemosetik kaleratutako zinegotzi atxiki gabea abstenitu egin zen. Horrek, alkatearen kalitatezko botoagaz batera, kontuak onartzea ahalbidetu zuen.
Aurrekontuak zenbakietan
Aurrekontuen helburu estrategikoen artean hauek dira udal-iturriek nabarmendu dituztenak: euskaltegiaren eta musika eskolaren birgaitze energetikoa (240.000 euro); futbol-zelaian belar artifiziala jartzea (550.000 euro); Urkoren instalazioak ixtea (200.000 euro); Iturrieta parkeko pilotalekua, rokodromoa eta umeen jolasak estaltzea (1.200.000 euro) eta Zabalbideko bidegorriaren proiektuaren idazketa (15.000 euro).
Gaineratu dutenez, kulturak berealdiko garrantzia izaten jarraituko du udal-aurrekontuetan, izan ere, milioi bat euro bideratuko dituzte kultura sustapenera, SopeLABen proiektu-lehiaketak 550.000 euro jasoko ditu eta Euskara, Kultura eta Hezkuntza arloan hiru milioi euro txertatuko dituzte.
Era berean, beste zutabe garrantzitsu bat Udaltzaingoarentzako polizia-etxe bat eraikitzea izango da (700.000 euro), “gaur egun dagoenak eskatutako segurtasun-baldintzak betetzen ez dituelako”, argudiatu dute udal-iturriek.
Bestalde, hirigintzari dagokionez, erdialdea oinezkoentzat egiteko 1,2 milioi euroko inbertsioa egingo du Udalak, Sopela oinezkoentzat udalerri “jasangarriagoa eta atseginagoa” izan dadin. Jarduketa horren bitartez, Akilino Arriola, Doctor Landa eta Eleizalde kaleak oinezkoentzat izango dira Zipiriñe ikastetxera arte.
Azkenik, aurrekontuetan bestelako jarduketak ere azaltzen dira, hala nola 300 zuhaitz landatuko dituztela udalerrian, institutu inguruko kaleak berrurbanizatuko dituztela eta udalerriko argia ere berriztuko dutela, besteak, beste.
"Aurrekontu errealistak eta zuhurrak"
Josu Landaluze Sopelako alkatea pozik agertu da aurrekontuei argi berdea emateagatik: “2022rako aurrekontuak onartuta izatea oso garrantzitsua da Sopelako herriarentzat. Gutxi gorabehera 2021ean baino bi milioi gehiago kudeatuko ditugu eta gehiago bideratuko da inbertsioetara; orain arte, pandemiaren ondorioz, murriztuta zegoen kapitulu hori, beste arlo sozialago batzuetara bideratu ahal izango dugu”. Gaineratu duenez, “aurrekontu errealistak eta zuhurrak dira eta zuhurtasun hori bera da kontutan izan duguna gastuak aurreikusteko orduan, baliabideak optimizatzeko ildoarekin jarraituz eta gizarte eta enplegu arloak alde batera utzi gabe".
Gainera, aurrekontu hauetarako, zerbitzu publikoei eusteko gastu arruntak ere aurreikusi dituzte, aurreko ekitaldietako esperientzietan, sail ezberdinek egindako proposamenetan eta esleitutako kontratuetatik eratorritako konpromisoei eustean oinarrituta. Era berean, “COVID-19aren osasun-krisiak eragindako diru-sarreren beherakadak eragindako gastu-partiden aurrekontu-aurreikuspenak berreskuratzen saiatu dira”, Udaletik adierazi dutenez.
Adostasun falta
Udal-iturriek azaldu dutenez, udal-arlo bakoitzeko arduradunen proposamenak eta talde politikoen ekarpenak hartu dituzte kontutan, ahalik eta adostasun handiena duen aurrekontua osatzeko. Hala ere, EH Bilduren aurkako botoari erreferentzia eginez, alkateak adierazi du "harrigarria" iruditzen zaiola aurreko urteetan egin den bezala aurrekontuei buruzko akordiorik lortu gabe onartu behar izatea, "alderdi politikoek egindako iradokizun guztiak" jaso ondoren.