Guztira, Sopelako Udalak 16,4 milioi euro inguruko aurrekontua onartu zuen atzo, abenduaren 23an, egindako osoko bilkuran; horregaz, aurreko urtean baino ia bi milioi euro gehiagoko aurrekontua onartu zuten. Udal-iturriek hurrengo egunetan zehaztuko dute zertara bideratuko dituzten hurrengo urteko aurrekontuak.
EH Bilduren ezezkoa
Bitartean, EH Bilduk "EAJren gobernantza estiloarekiko mesfidantza eta desadostasuna" argudiatu ditu 2022ko aurrekontuak ez babesteko. Azaldu dutenez, hurrengo urteko aurrekontu-proiektuaren aurka bozkatuko dute Sopelako gobernu-taldearen lehen bi urteotako agintaldiaren "oso balorazio negatiboa" egin baitute, eta hurrengo urteko zenbait partida zehatzen aurka daudelako.
Alde batetik, azpimarratu dute 2020-2021 agintaldiko aurrekontu-akordioa hautsita dagoela "erabakitako proiektuen garapenean izandako atzerapenengatik, EH Bilduren ekarpenak aintzat ez hartzeagatik eta EAJak alde bakarrez jokatzeagatik". Besteak beste, Sopelako kiroldegiaren kasua, Udaltzaingoak zenbait herritarrei Mozal Legea aplikatzea edo Bareñoko BM supermerkatua eraikitzeko erabakiak gogoratu dituzte.
Gainera, hurrengo ekitaldiko aurrekontu-proiektuko zenbait partida zehatzen aurka daudela ere nabarmendu dute EH Bilduko ordezkariek: polizia-etxe berria eraikitzeko lursail bat erostea 700.000 euroren truke, liburutegi berrirako 550.000 euro bakarrik bideratzen dituzten bitartean; Zipiriñeren egungo leku-arazoei aurre egiteko Loroñoko aparkalekuko lurrak egokitzeko konpromisoari erreferentzia argirik ez egitea; Balearen parkeko frontoia estaltzea proposatu dutela azaldu dute, 1,2 milioi euroko aurrekontuagaz, baina ez sopeloztarrentzat aisialdirako gune bat bermatzeko, Kurene elkarteari bere jarduera zabaltzeko eta "modu pribatiboan erabiltzeko beste instalazio bat ziurtatzeko baizik"; eta, azkenik, Udalak 150.000 euro inbertitu gura ditu udal-eraikinetan, baina soilik lehen solairua birmoldatzeko, hau da jendearentzako arretan eraginik ez dutenak.