Txakurren aisialdirako hiru gune sortuko dituzte Sopelan

Ander Zarraga 2022ko urt. 7a, 11:29

Sopelako Udalak honelako hamahiru etxola jarriko ditu katuen koloniak kudeatzeko. © SOPELAKO UDALA

Iturrieta eta Iberrota parkeetan eta Etxebarri kalean txakurrak aske ibiltzeko guneak sortuko ditu Sopelako Udalak. Gainera, kaleko katuentzako hamahiru etxola jarriko dituzte, eta, otsailetik aurrera, biztanleria kudeatzeko HEI metodoa aplikatzen hasiko dira.

Hurrengo astelehenetik aurrera, Sopelako txakurrek aisialdirako hiru gune itxi izango dituzte Sopelan: Iturrieta parkean, frontoi ondoan; Etxebarri kaleko parkean eta Iberrotan, ekaitz-andelaren ondoan. Gune berriek, ate bikoitzak, iturriak,1,5 metroko altuerako hesiak eta informazio-kartelak izango dituztela jakinarazi dute udal-iturriek.

Horretaz gain, Udalak katuen koloniak hobeto kudeatzeko hamahiru etxola jarriko ditu  udalerrian zehar, eta, otsailetik aurrera, kale-katuen biztanleria kontrolatzeko HEU metodoa —harrapatu, esterilizatu eta itzuli— erabiltzen hasiko dira udalerrian.

Ordenantza berria

Udalerriko txakur-jabeek egindako eskariaren ondorioz, Udalak animaliak babesteko eta edukitzeko udal-ordenantza berria osatu du. "Irailean, eguneratu behar ziren puntuei buruzko kontsulta publikoa egin genuen, herritarren ekarpenak jasotzeko. Funtsean, hauek dira ordenantzaren aldaketak: katuen kolonien kontrola, txakurrentzako aisialdirako guneak mugatzea, animalien eta herritarren arteko bizikidetza bultzatzea, eta administrazioan hizkuntza inklusiboa erabiltzea", azaldu zuen Ignazio Moreno zinegotziak, ordenantza berria onartu zen osoko, bilkuran.

Ordenantza berria gobernu-taldearen aldeko botoakaz eta oposizioaren abstentzioari esker onartu zen. Hala ere, Mikel Tapia EH Bilduko zinegotzia ez zen gune-berdeen erabileragaz ados agertu, eta, azaldu zuenez, "beste leku batzuk bilatu behar dira, bizilagunen eta animalien artean eztabaidarik sortzen ez dutenak, eta, are gehiago, pandemia-garai honetan, herritarrek gune libreetara joateko joera handia baitute". 

Erlazionatuak

Txakurrentzako parkea ireki dute Sopelan

Iker Rincon Moreno 2017 ira 06 Sopela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun