Sopelako erdigunea eraldatzeko beste aurrerapauso bat eman du Udalak; izan ere, Akilino Arriola, Doctor Landa eta Eleizalde kaleak Zipiriñe ikastetxeraino erdi-oinezkoentzat egiteko proiektuaren garapena lizitatu berri du. Proiektu hau bidegorriaren egitasmoari batzen zaio, eta bere helburua da Sopelako erdiguneko kale horiek oinezkoentzako lagatzea, eta, aldi berean, inguruko merkataritza- eta ostalaritza-jarduerak bultzatzea.
Udal-iturriek nabarmendu dutenez, proiektua garatzeko herritarren ekarpenak kontuan hartuko dituzte: "Abenduaren 23an, proiektua idazteko eta obra lizitatzeko eskari guztiak jaso ziren. Egitasmo horretan, herritarren ideiak eta ekarpenak hartuko dira kontutan; herritarren sentsibilitatearekin eta beharrekin eta Merkatarien Elkartearekin adostutako proiektua izango da".
Behin betiko proiektua eskuragarri dagoenean, "lanak 2022an zehar hastea da Udalaren aurreikuspena". Horretarako, 1,2 milioi euroko aurrekontua bideratu du Udalak, eta, horren barruan, kaleak urbanizatzeko beharreko lan guztiak sartuko dira: asfalto inprimatu baten aplikazioa, galtzada-harrizko eremuak, hiri-altzariak berritzea, bakuak jartzea, etab.
Lehen fasea
Aurreko uretan, Udalak behin-behineko lehen fasea abiatu zuen, Akilino Arriola kaleko eremuaren zirkulazio-eskema berrantolatuz. Eskema hori Ander Deunatik udaletxeko plazaren bidegurutzeraino doa. Horretarako, aparkalekuak eta zirkulazioaren noranzkoetako bat kendu zituzten, oinezkoentzakoen eta bizikletentzako aisialdi-guneak zabalduz. Iragarri dituzten lanakaz eskema hori egonkortu gura dute.