Sopelako erdigunea bizikletentzako eta oinezkoentzako atseginagoa egingo duen bidegorria egiteko lanak lizitatu dituela jakinarazi du Udalak. Egitasmo horren bitartez, Loroñoko behealdea Kurtzio inguruagaz lotuko dute, udaletxearen paretik pasako den bizikletentzako bide bategaz.
Egitasmo horretarako, Udalak 221.270,96 euroko aurrekontua bideratu du. Udal-iturriek azaldu dutenez, proiektua orain arte markatutako helburuen barruan sartzen da, horri esker bizikleta-sarea erdiguneraino helduko baita.
Gaineratu dutenez, planteamendu honek bat egiten du Akilino Arriola erdi-oinezkoentzako bihurtzeko asmoagaz, eta Ripatik doan saihesbide bat sortzeko proiektuagaz. Horregaz, herrigunea zeharkatzen duen trafiko astuna kanporatu gura dute, erdigunea oinezkoentzako eremu atseginago bat bihur dadin.
Bidegorriaren ibilbidea
Bidegorria Uribe Bazterra etorbidean hasiko da, lehendik dagoen sareagaz lotuz. Hortik, Loroño kalea gora joango da udaletxeraino, horretatik hurbilen dagoen galtzadaren aldetik. Hori gauzatzeko, Akilino Arriola kalean, udaletxe inguruan, lineako aparkalekuak kenduko dituzte bidegorriarentzako behar beste leku egiteko; horrek, errepidearen trazadura desplazatzea ere suposatuko du. Ondoren bidegorriak Mendieta kalean gora egingo du Kurtzio kultu etxearen pareraino.
Azaldu dutenez, proiektu honek Uribe Kostako Mankomunitatearen apustuetako bat sendotzen du, eskualdean bidegorrien sare handi bat sortu gura baitute. Duela zortzi urte hasi zituzten lanakaz kanpoko sarea landu zuten, udalerriak batzeko, eta, orain, helburua da "barruan jardutea eguneroko eskaerei erantzuteko; horrela, proiektu honegaz, Udalak aurrerapauso garrantzitsua eman du iraunkortasunaren eta hiri-mugikortasunari dagokionez".