Ekain Araiz sopeloztarra Hirubiko presidentea eta bazkide sortzaileetako bat da, 2007an sortu zenetik. Dioenez, Gabonetan, Larrabasterrako San Silvestre Herrikoiaren VII. edizioa atzeratu zuten COVID-19aren ondorioz; hala ere, Sopelako Udalak otsailean egiteko proposatu zien: "Inauterietan egitea ondo iruditu zitzaigun, jende asko mozorrotuta etortzen delako". Gainera, aurten, dortsalen salmentatik ateratako dirua La Cuadri del Hospi elkarteari emango diote, umeen minbizia humanizatu, sozializatu eta ikertzeko eta hezur-muinaren dohaintza zabaltzeko lan egiten duen erakundeari, hain zuzen ere. Presidenteak zehaztu du beraien probak Sopelan egiten dituztenez, lasterketa herrikoia Larrabasterran kokatzea erabaki zutela, auzoan ere zerbait antolatzeko asmoz.
Berritasun gisa, aurtengo duatloian proba egokitua ere egin zuten gurpil-aulkian doazen kirolariek ere parte har zezaten. Lehen edizio honetan hiru parte hartzaile bakarrik egon ziren, baina ahoz aho zabaltzen doan heinean jende gehiago hurbilduko dela uste dute. "Proba oso ikusgarria izan zen, kirolariek egiten duten esfortzua ikaragarria baita", dio Araizek.
Horretaz gain, duatloiaren kategoria orokorrean lortutako emaitzagaz oso pozik daudela dio Araizek: "Hiru urte proba egin gabe egon ondoren, zalantzakaz berrartu genuen, baina, zorionez, jendeak ondo erantzun eta 200 partaide inguru izan genituen". Presidenteak gaineratu du antolaketa oso ondo atera dela, batez ere laguntzen dieten 75 boluntarioek egindako lanari esker.