Sopelako padel pistak lekualdatzeko proposamena onartu zuen Udalak otsaileko osoko bilkuran, BPXport enpresak hala proposatuta. Kokapen berria Urkoko aparkalekuaren ondoan dagoen hezegunea izango da, 2015 urtean berreskuratu zituzten putzuetatik metro gutxira. Izan ere, igerileku ondoko padel pistak kentzeko eta enpresak bertan eraikiko duen kirol-instalazioen hedapen-eraikuntzarako ezinbesteko baldintza da pista berriak eginda egotea.
Sopelako eraztun berdearen egitasmoa bultzatzen ari den Kiribile elkarteko kideek ohartarazi dute horrek kinka larrian jarriko lituzkeela bai udalerriko gune natural garrantzitsu bakarra bai Eraztun Berdearen egitasmoa bera ere. Zehaztu dutenez, orain arte, udalerriko alderdi politikoakaz elkartzen aritu dira, Sopelako Eraztun Berdearen inguruan proiektu konkretuak bideratuko dituen akordio estrategiko bat gauzatzeko: "Kokapen horretan padel pistak eraikitzeak errotik etengo luke Kiribilek udal-gobernuari, alderdi polotikoei eta herriko eragileei laster aurkeztuko dien egitasmoaren garapena; horrez gain, Mankomunitateko Ingurumen Teknikariarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera lantzen hasi garen putzuak garatzeko ideiak bertan behera utziko lituzke"
Gaineratu dutenez, kokapen horretan kirol-instalazio batzuk eraikitzeak "kalte handia" eragingo liokete inguruko biodibertsitateari, gizakiaren jarduera areagotuko lukeelako, besteak beste; gainera, URAk uholde-eremu izendatu zuen inguru hori, beraz zalantzak dituzte eraikitzeko eskumena izango ote duten. Jakinarazi dute Udalak bestelako kokalekuak ere aztertu dituela, hala nola Urkoko saskibaloi pistaren atzealdea, baina hezeegia delako baztertu omen dutela azaldu dute.
Elkarteko kideek deitoratu dute Udalak arineketan hartutako erabakia dela, enpresagaz duten hitzarmena betetzeko eta epe ertain zein luzeko ondorioak kontutan hartu gabe: "Etengabeko adabakiak eta inprobisazioa sumatzen ditugu, ados gaude kirol-instalazioak egon behar direla esatean, baina biodibertsitatea ere babestu behar dugu, Sopelan beste leku asko daude".
Biodibertsitatearen erdigunea
Urkoko aparkaleku ondoko berdegunea berreskuratzeko proiektua 2015ean gauzatu zen, Sopelak duen biodibertsitatearentzako eremu bakarra baita. Zaharberritze-lan horietarako, Europako funtsetatik zetozen Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso zituzten, eta Udalak egindako ekarpenei esker Urko ibarraren ingurua egokitzea lortu zuten.
Kiribile taldeko kideek azpimarratu dutenez, Aranzadi zientzia elkarteko kideek zazpi urte hauetan inguruak izan duen berreskurapen prozesu-naturala goraipatu dute, eta putzuen babesak hedatzeko asmoa ere aztertzen ari dira. Gainera, putzuen ingurua interes handiko natur-gunea dela azaldu dute, bai bertan bizi diren espezie anfibioentzako bai hegazti askorentzako pasabidea eta atsedenlekua delako.
Bestalde, elkarteko kideek deitoratu dute pistak bertan eraikitzea kontrajarrita egongo litzatekeela, alde batetik 2015ean egindako esku-hartzeagaz, eta, bestetik, garapen jasangarrirako Eusko Jaurlaritzak ezarritako 2030 Agendagaz.