Sopelako erdigunean hainbat kaleren trafikoa berrantolatzeko lanak hasi ditu Udalak. Horren ondorioz, zenbait kaleren norabidea aldatzeaz gain, batzuen errail kopurua ere aldatuko dute.
Hasteko, aldaketa nabarmenenak Sipiri eta Mendieta kaleetan egingo dituzte, noranzko bakarrekoak izatera pasako baitira. Sipiri kaleak norabide bi izaten jarraituko du elizako biribilgunetik Loroñoko bidegurutzeraino, baina hortik aurrera norabide bakarrekoa izango da. Bestetik, Mendieta zeharbidea eta Haizeder kaleen norabidea aldatu eta Artadi kaleak norabide bikoitza izango duela adierazi dute udal-iturriek.
Azaldu dutenez, esku-hartze horregaz, Sipiri kaleak duen zabalera-arazoa konponduko dute. "Egoera konpontzeko, erabilgarri dagoen azalerari erabilera berria ematea planteatu dugu, aparkalekuen konfigurazioa aldatuko dugu eta lineako plazak bateriakoetan bihurtuko ditugu", azaldu du Josu Landaluze alkateak.
Alkateak gaineratu duenez, "zirkulazio-eskema berria diseinatu dugu bide-segurtasuna hobetzeko, ibilgailuen trafikoak hartzen duen espazioa murrizteko, zirkulazioa lasaitzeko eta motorizatu gabeko garraiobideei protagonismo handiagoa emateko".
Gaur hasiko dituzten lanen bitartez kaleetako seinaleztapena eta errepideko pintura-markak aldatuko dituzte. Iragarri dutenez, lanak hiru astetan amaitzea aurreikusi dute.