Elkarrizketak

Arantza Alberdi Aramendi: "Antzerkia egitea da nire bizipoza"

Julen Nafarrate 2022ko mar. 18a, 14:23

Kalamua antzerki talde sopeloztarreko kidea da Arantza Alberdi. Antzezlan berria prestatzen ari dira, ikuspegi feministarekin.

Kurtzio kultur etxean jarri dugu hitzordua Arantza Alberdirekin. Kalamua antzerki taldeko kideek bertan egiten dituzte entseguak astelehenero. "Gozatzen dugu pilo bat. Bakoitzak arrazoi ezberdinak ditu antzerkian aritzeko, nire kasuan, bizipoza ematen dit". Javier Liñeraren gidaritzapean, taldea 50 urte baino gehiagoko bederatzi emakumek osatzen dute. Baina adina ez ote da oztopo antzerkian aritzeko? "Gure taldean inork ez du hori uste, adina ez da muga izango horretarako!". Batzuetan, gainera, adinarekin galtzen dira lotsa guztiak... "Nire kasuan, aspaldi galdu nuen! Txikitan herri-bazkarietan egoten nintzen kantuan, beti gustatu zait". Gai hori bera landu du Kalamuak Amama mia bere azken antzezlanean. Nagusien Etxe batean girotuta, Arantzak gorpuzten duen pertsonaiak kolore apur bat ematen dio Nagusien Etxe grisari: "Nagusiak izatearren ez du esan nahi ezin dugunik ondo pasa eta bizitzaz gozatu". Sopelan, Berangon eta Romon egin dituzte emanaldiak: "Jendea irribarretsu irten da antzerkitik, ilusioa transmititzen saiatu gara". Antzezteaz gain, gidoia ere idatzi du Alberdik. Eta ez hori bakarrik! "Beti gustatu zait idaztea. Eta jostea! Baina hau guztia talde-lana izan da, denok egin dugu gure ekarpena".

Getxoko Antzerki Eskolan bere lehenengo urratsak egin ostean, Sopelan jarraitu du jo eta su antzerkigintzan. Oraintxe, antzezlan berri bat prestatzen ari dira Kalamuako kideek: "Sekretua da, ezin dizut ezer kontatu oraindik". Hori bai, ikuspegi feminista izango du, aurreko antzezlanean bezala: "Emakumeak beti egon gara zapalduta, gure istorio asko oraindik kontatu barik daude, meategietako emakume langileena adibidez. Guk hori kontatuko dugu, baztertuta eta isilduta egon direlako, eta aitortza zor diegu". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun