Nortzuk zarete Sopelako Kuadrillak?
Sopelako Kuadrillak elkartea, bere izenak aditzera ematen duenez, Sopelako kuadrillok osatzen dugu; zehazki, gazteok osatzen dugu, baina egia da adinaren aldetik ez dagoela inongo mugarik. Talde irekia gara, eta edozein kuadrillak parte har dezake. Gure herriko zenbat eta kuadrilla gehiagok parte hartu, askoz aberasgarriagoa izango da, bai elkartearentzat bai herriarentzat ere.
Zein da zuen helburua?
Elkartea duela bederatzi urte sortu zen, herriak aisialdiaren alorrean bizi zuen hutsuneari irtenbidea emateko helburuarekin, herriko kuadrilla desberdinak batuz. Zentzu horretan, hainbat dira gure helburuak: aisialdi-ekintzak antolatzetik gazteon elkar-ezagutzak bultzatzea, harremanak sendotzea, herria girotzea, taberna eta merkataritza lokalari laguntzea, herri-agenda kulturala bultzatzea, euskal kultura sustatzea, baita aukera berriak sortzea ere. Esan genezake aisialdi-eredu parte-hartzaile eta herrikoia sustatzea dela gure helburua, uste baitugu bide horretatik Sopela bizi eta bizigarri bat lor daitekeela, eta horrek, epe luzera, onurak ekar ditzakeela Sopeloztar guztiontzat.
"Gazteok ezin dezakegu gure aisialdia tabernetara joatera mugatu, eremu propioa behar dugu"
Beraz, uste duzue Sopelan ez dagoela gazteentzako aukera nahikoa?
Zoritxarrez ez. Hain zuzen ere, Sopelan dagoen gazteontzako aukera faltan datza Sopelako Kuadrillak elkartearen sorkuntzaren zergatia. Onartu behar dugu Sopelako Udaleko Kultur sailarekin etengabean harremanetan gaudela, eta kultur teknikariek lan itzela egiten dutela aurrera ateratzen ditugun jarduera desberdinetan laguntzeko. Baina gazteok Sopelan daukagun aukera falta haratago doa: gazteok bizi ditugun arazo orokorretaz gaindi (herrian bizitzeko zailtasunak, kirol instalazioak, lana…), kulturaren esparrura mugatuz, esan genezake kultur ekintzak eta sorkuntza garatzeko gazteontzako gune baten falta nabaria dela. Gazteok ezin dezakegu gure aisialdia tabernetara joatera mugatu, eremu propioa behar dugu.
Parrandaz haratago, ekintza gehiago antolatzen dituzue. Nolakoak dira?
Mota, adin eta gustu guztientzako ekintzak antolatzen ditugu urte osoan zehar: Sopelako gazte inauteriak, elurretara bidaia, sagardotegira irteera, Korto Express lehiaketa, Kuadrilla Eguna, kanpaikada aurreratuak… Sopela eta Larrabasterrako jaien antolakuntzan ere laguntzen dugu, parte-hartze aktiboa baitugu bai Jai Batzordean bai Txosna Batzordean ere.
Egia da ekintza gehienak jaiaren esparrura mugatu ditugula, baina bestelako jarduerak ere egin ditugu: zelai erre txapelketak, euskal kulturarekin lotutako ekintzak (Agate Deuna kasu), euskararen sustapenarekin lotutako ekimenak (Korrikan kilometro zatia erostea, esate baterako), Gure Esku Dagoren giza katea babestu, U30eko greba sostengatu, edota elikagaien bankurako kanpainetan parte hartu.
Dena den, etorkizunera begira, erronka polita izan daiteke jaiaz haratago doazen ekintza kulturalak, kirolaren ingurukoak edo gastronomikoak aurrera eramatea.
Dena den, aste-akabu honetan Sopelako Kuadrillen Eguna ospatuko duzue, zer prestatu duzue?
Urtero lez, udaberrian sartuta gaudelarik, maiatza erdialdera, Sopelako Kuadrillen Eguna ospatzen dugu. Aurtengo egunerako egitarau potentea prestatu dugu:
- 14:00etan, kuadrillen bazkaria udaletxe plazan.
- 17:00etan, kuadrillen arteko jolasak Jauregiar plazan.
- 18:30ean, poteo musikatua herriko kaleetan.
- 21:30ean, kontzertua udaletxe plazan.
- 23:00etan, Oxabi erromeria-taldearen kontzertua udaletxe plazan.
Egitarauaren harira, eskerrak eman nahiko genizkioke Sopelako Udaleko kultur Sailari, kuadrilla eguna ospatzeko eszenatokia eta karpa jarriko baitutelako, eta, gainera, kontzertuak ordaintzeaz arduratu baitirelako.
Zer gehiago ari zarete prestatzen udarako?
Udara begira, bereziki, gure jarduera datozen festak antolatzera mugatuko da: Sopelako jaiak, Larrabasterrako jaiak eta Santa Marinako jaiak. Aurten, azken festa horiei indarra emateko apustua egin dugu. Urdulizek eta Sopelak partekatzen duten jaieguna da, zeina Santa Marinako haitzetan ospatzen den, eta giro ederra sortzen da. Zoritxarrez, gazteriak horietara joateko tradizioa galdu du, eta hori berreskuratzea gustatuko litzaiguke.
Era berean, azpimarratu behar dugu aurtengo Sopelako jaiek hamar eguneko iraupena izango dutela, (ekainaren 23tik uztailaren 2ra) eta horrek jaien prestakuntzan inplikazio handiagoa exigituko digu.
Horretaz gain, nabarmendu nahiko genuke Larrabasterrako jaiak sustatze aldera aurrera eramango dugun Gazte Eguna (egunaren izena oraindik erabakitzeke dago). Herriko beste gazte eragile kultural eta politikoekin batera Larrabasterrako jaietan gazteriari zuzendutako eguna antolatzen gabiz, zehazki uztailaren 15erako, ostirala. Egun osoko egitaraua prestatzen ari gara, eta eskaintza oso interesgarriak egongo dira.
"Ez ditugu jaiak ulertzen herritik eta herriarentzat eginda ez badaude"
Sopelako udako festak antolatzeko jai-batzordean ere zaudete. Zein da horretan egiten duzuen lana?
Bai, hala da. Elkarteak parte hartze oso aktiboa izan du beti Sopelako jai-batzordean, jai herrikoien aldeko gure apustua erabatekoa delako. Bertan, gure lana herriko beste eragile batzuekin batera jaien egitaraua prestatzea da, modu parte-hartzaile eta herrikoi batean. Ez ditugu jaiak ulertzen herritik eta herriarentzat eginda ez badaude.
Ezaguna denez, Sopelako Kuadrillen parte-hartzea jaien prestakuntzan nabaria izan da, guk antolatutako ekintzetako batzuk jaietako arrakastatsuenetarikoak izaten baitira.