Daborduko Sopelako Eraztun Berdea errealitate bat da. Gaur, maiatzak 13, aurkeztu dute udalerriko interesguneak lotuko dituen ibilbidea sortzeko elkarlan-proiektua; udalerriko kultura, natura- eta historia-ondareari balioa emango dion egitasmoa da, biodibertsitatearen eta naturaguneen kontserbazioaren aldeko apustua egingo duena, hain zuzen ere.
Eraztun Berdea Sopelako ingurune naturala eta kulturala zaintzeko proiektua bezala aurkeztu dute, eragile instituzional, politiko eta sozialen arteko lankidetza konstruktiboan garatuko dena, udalerri hobe bat lortzeko asmoagaz.
Kiribile elkarteak sustatutako kontaktuen eta topaketen emaitza dela azaldu dute; izan ere, Sopelako hainbat eragileren arteko akordio estrategiko bat sinatzea lortu dute. Horretan, eraikuntza-oinarriak, printzipioak, lan-estiloa eta helburuak jaso dituzte, lan partekatuaren kultura berri bat praktikan jarriz.
Hitzarmen horren bidez, Sopelako Eraztun Berdea zehaztu eta gauzatzeko akordioak eraiki guran, eragile instituzional, politiko eta sozial guztiek, elkarlanaren aldeko jarrera batetik abiatuta, prozesu bat garatzeko borondatea agerian utzi dute.
Egitasmoaren helburua da Sopela bere ondare natural, kultural eta biodibertsitateaz harro egongo den herria bihurtzea. Beraz, herri-proiektu bat bezala aurkeztu dute, ez erakunde, alderdi politiko edo elkarte baten proiektutzat. Epe luzerako proiektua izango dela ere azaldu dute, egoeraren araberako eztabaida politiko alderdikoietatik kanpo geratu beharko litzatekeena, eta hurrengo legegintzaldietan jarraitu beharko lukeena.
Babes-perimetroa
Gaurko agerraldian azaldu dutenez, akordio horretan inplikatutako eragileen helburua da Sopelako ingurune naturala babesteko perimetro zabala ezartzea eta Eraztun Berdea errealitate bihurtzea. Hori ez da lekukotza hutsa izango; aitzitik, lehentasuna emango dio Sopelako kultura eta natura-ondarea babesteari eta hobetzeari, bai eta herritarrek modu iraunkorrean gozatzeari ere.
Horretarako, Eraztun Berdearen barrutiak babes eraginkorreko hirigintza-kalifikazioa izango du, eta halaxe jasoko dute HAPOn. Bertan, ekimenaren helburuak lehenetsiko dituzte hirigintza-garapenaren gainetik.
Eraztun Berdearen kontseilua
Lankidetza horri lekua emateko, Eraztun Berdearen Kontseilua sortuko dutela iragarri dute. Hitzarmen estrategikoa sinatu duten edo etorkizunean sinatuko duten instituzio eta entitate eragileak horretan parte hartzeko prest egon beharko direla ere ezarri dute.
Eraztun Berde horri eragiten dioten erabakiak Kontseilu horren bitartez bideratuko dituzte, aldebakarreko edo alde bateko erabakiak saihesteko helburuagaz.
Eraztun Berdea eraikitzeko lankidetza-prozesuan zehaztuko denaren kontura, urtebeteko proiektuak eta jarduerak bultzatu eta sustatuko dituzte, eduki hauexek gorde eta sortzeko asmoagaz:
- Hezeguneak, putzuak eta antzekoak sortzea eta mantentzea.
- Espezie autoktonoak dituzten basoak eta landaketak sustatzea, intereseko eremuak lehenetsiz eta monolaborantzak pixkanaka murrizten saiatuz.
- Ibaiak, ibaiertzak eta biodibertsitatea lehengoratzea eta mantentzea.
- Biodibertsitatea areagotzea eta gaur egun dagoena babestea helburu duten esku-hartzeak sustatzea, narriadura handiagoa saihesteko.
- Ondare publikorako Eraztun Berdea osatuko luketen balio historiko-kulturaleko lursailak edo higiezinak erostea komeni den baloratuko dute.
- Herritarrek gozatzeko aukerak indartuko dituzte, betiere naturaguneen iraunkortasuna eta zaintza kontuan harturik, biodibertsitatea babesteko eta handitzeko printzipioagaz bateraezinak diren merkataritza-masifikazioak eta erabilerak saihestuz. Era berean, ohitura osasungarriak bultzatzen dituzten esku-hartzeak sustatuko dituzte, hala nola oinezkoen pasealekuak, eraztunagaz bateragarriak liratekeen bizikleta ibilbideak, atsedenlekuak, baso-bainu guneak, haur-jolas ekologikoak, natura behatzea, baratze ekologikoak, eta abar.
- Lur-jabeakaz akordioak egitea edo Udalak lursail horiek erostea sustatuko dute, Eraztun Berde horren helburuak aintzat harturik, intereseko esparruen arabera lehenetsiz.