Gepardo japoniarrak izeneko poema-liburua kaleratu berri duzu. Zer dakar lan horrek?
Poema-pieza txikiez osatuta dago lana. Ez da nobela baten modukoa; ez dago tramarik, baina bai lotu ditut poema guztiak, nolabait osotasun bat emateko guztiari. Hala, liburua hiru kapitulutan banatuta dago, eta horietako bakoitzak kontzeptu botaniko-paisajistiko bati egiten dio erreferentzia. Izan ere, sarreratik jada, Gilles Clément paisajista baten zita bat aipatzen dut non oinarritzen den flora basati baten ildotik, hala nola belar txarrak eta landare inbaditzaileak.
Ez da lehenengo aldia poesian oinarritutako lan bat egiten duzula. Zer du poesiak beste literatur generoek eskaintzen ez dutena?
Poesiak hizkuntzarekin jolasten du gehiago, zuzen-zuzenean. Nobela batean gauzak kontatzen dira, baita poesian ere, baina kasu honetan modu oso konprimatuan; hizkuntzaren parterik gordinena erabiltzen da, materia prima. Orduan, polita da horrekin jolastea, eta hizkuntza bera kolokan jartzea.
Gainera, forma aldetik ere, liburu honetan garrantzi handia eman diot horri eta bisualki landu dut poema bakoitza, ez bakarrik zentzuaren aldetik. Hizkuntza eskultorikoki landu dut, paperean bertan hitzak modu zehatz batean antolatuta. Poesia bisualean oinarritu naiz honetan.
"Hizkuntza eskultorikoki landu dut, paperean bertan hitzak modu zehatz batean antolatuta. Poesia bisualean oinarritu naiz honetan"
Zelako harrera izan zuen zure aurreko lanak, Aro Beilegia-k, publikoaren partetik?
Egia esan, ez dakit. Gauza onak entzun ditut, bai. Nik uste dut sari batekin lotuta zegoenez, oihartzuna handiagoa izan dela. Dena dela, ni gustura gelditu nintzen emaitzarekin, baina nire lehenengo lana izan zenez, ez nuen liburuaren proiekziorik. Oraingoan, aldiz, kontzienteago egin dut liburua bera, kapituluak zelan antolatu eta hori dena.
Nondik datorkizu poesiarekiko maitasun hori?
Aspaldi hasi nintzen poesiaren mundua; 16 urte nituela-edo hasi nintzen gauzatxoak idazten, eta horretan jarraitu dut. Eroso sentitzen naiz medio honetan. Izan ere, nire ustez, oso zuzena da poesia; materia prima erabiltzen duzu, eta horrekin jolastu.
Beste literatur-generoren batean saiakerarik egin duzu?
Bai, orain nabil probatzen apur bat gauza luzeago bat, baina kostatzen zait gehiago. Baina bueno, esperimentatzen ari naiz.
Zelan definituko zenuke zure poesia?
Ulermenaren mugetan kokatzen dut Gepardo japoniarrak dakarren poesia, erreferentzia asko ageri dira eta testu piezen formek ere pisu handia hartzen dute liburu osoan zehar. Ez da hainbeste ingurua azaltzeko saiakera semantiko bat, esango nuke gehiago direla nire errealitatetik sortutako hizkuntza hautatu baten "irudi pilulak". Paralelismo bat egitearren, museo bateko areto erdian eskultura bat ikusten denean gertatzen den efektu antzekoa izan liteke. Nahiz eta esplikatiboa ez izan, karga estetiko-politikoa dute.
"Erdiko kapituluan, badago Oteizaren poema-liburu batetik guztiz inspiratutako bat, horrek ere badaukalako eskultorikoki zer edo zer"
Arte Ederretako ikasketak egin dituzu; zure poesia artearen ildotik lantzen duzu?
Bai, esan bezala, forma eman diet poemei. Gainera, erdiko kapituluan, badago Oteizaren poema-liburu batetik guztiz inspiratutako bat, horrek ere badaukalako eskultorikoki zer edo zer. Izan ere, Oteizak ere, liburu horretan jolas hori egiten du, hitzei forma emanda. Berak, agian, hizkuntzaren bisio espaziala zuen, eta horren influentzia izan dut.
Aurretik, Bilbo Arten urtebeteko beka bategaz lanean ibili zinen. Zer landu zenuen denboraldi horretan?
Egia esan, beste kontu batzuetan ibili nintzen garai horretan. Interes gehiago nuen mundu digitalean eta 3D formako gauzetan. Hala, egin nuen instalazio bat bideo digitalak eta 3D formatuak lantzen zituena.
Artearen alderdi ezberdinak jorratzea gustatzen zaizu, beraz?
Bai, baina orain ikusten dut nahiko urrun artearen ikuspegi bisual hori. Erosoago sentitzen naiz testuan. Irudiekin saiatu naiz, baina ez daukat horrenbesteko loturarik. Bai elikatzen naiz horretatik gero sortzeko, baina ez dakit manipulatzen ondo irudia.
Bestelako proiekturik duzu buruan?
Zerbait prosan nago probatzen, baina oso berde dago. Ez daukat beste ezer itxirik.
Gainera, Getxoko Irakurle Kluba gidatzen duzu beste behin. Zelakoa izan zen iazko esperientzia?
Nire ustez, oso egitasmo polita da. Azken finean, liburuak nork bere barnean gordetzen ditu, irakurketa oso pertsonala delako. Beraz, niretzat oso aberasgarria da liburuak irakurtzea eta gero partekatzea jendearekin. Eta horixe da hemen egiten duguna, eta jendeak asko bizi du hori.
Aurten, nobedaderik izan duzue?
Ikasturteko azken hitzordua dugu ekainaren 13an. Horretan, Pape Niang idazle senegaldarraren Hasiera berri bat saiakera landuko dugu. Lehenengo aldia izango da mota horretako liburu bat landuko duguna, aurrekoetan beti jorratu ditugulako nobelak edo ipuinak. Ea zelan irteten den.
Etorkizunean, zure libururen bat lantzea gustatuko litzaizuke?
Kar kar kar, poesiarekin zaila egiten zait ezer antolatzea, baina polita da entzutea ere jendeari zelan heldu zaion. Baina, bai, gustatuko litzaidake, interesgarria delako.