Sare sozialetan argitaratutako komunikatu batean jakinarazi dutenez, Virgin Mari DJ Set taldea soinu-probak egiten ari zenean hasi ziren erasoak. Azaldu dutenez, 15-16 urte bitarteko erasotzaileek objektuak bota zituzten agerlekura eta bertan zeudenei irainak oihukatu zizkieten. "Kontzertua hastear zegoela gure taldekide bati objektu bat bota eta eman zioten", jarraitu dute kontatzen, gaineratuz, beraiek deseroso sentiarazteko erasoak gailenduz joan zirela: "txistuak, irainak, eta abar luze bat gure gorputzak etengabe sexualizatuz".
Beraien aurkako erasoek jarraitu zuten arren, ez zuten emanaldia eten, horiek fisikoak bihurtu ziren arte, "izotzak, botila beteak, baloiak, plastiko gogorrak...". Laugarren abestitik aurrera egoera jasanezina bihurtu zela deitoratu dute, erasotzaileek soinu-teknikaria ere erasotzen hasi baitziren; une horretan, taldeak emanaldia etetea erabaki zuen, "gure ongizatea arriskuan zegoela ikusita". Une horretan, egoera zein zen ikusita, txosna-gunetik atera zituzten erasotzaileak, eta Sugarriko antolatzaileek eta ondoren kontzertua eman behar zuen Labana taldeko kideek egitaraua bertan behera uztea eta txosnak ixtea erabaki zuten.
Deitoratu dute hamaika entzun behar izan zituztela agertokiaren gainean, "neskak eta gazteak izate hutsagatik". Halaber, salatu dutenez, "guneak bereganatzen gabiltzan honetan, oraindik inpunitate osoz jokatzen jarraitzen dute, gu deseroso sentiarazi nahian". Gaineratu dute Sopelan gertatutako ez zela izan kasu isolatu bat, beste hainbatetan eraso baitituzte: "Arazo sistemikoa da hau, erroa hezkuntzan duena, etxean, eskolan, aisialdian...".
Gertatutakoaren aurrean, bai musika-taldeek, bai Sopelako Sugarriko kideek ere argi utzi dute ez dutela horrelako jarrerarik onartuko, eta borroka feministaren alde eta matxismoari aurre egiteko lehen lerroak okupatzen jarraituko dutela azpimarratu dute. Era berean, erasotzaileak jai-guneetatik ateratzeko manifestazio-deialdia egingo dute barikurako, uztailaren 1erako, 22:00etan, Sopelako udaletxetik abiatuta.
Ver esta publicación en Instagram