Sopelako katu-koloniak kontrolatzeko CER metodoa aplikatuko du Udalak

Erredakzioa 2022ko abu. 31a, 10:45
Sopelako Udalak honelako hamahiru etxola jarri zituen iaz katuen koloniak kudeatzeko. SOPELAKO UDALA

Herritarrek egindako eskaerei jarraituz, Sopelako Udalak katuen koloniak kontrolatzeko programa abiaraziko du Gureak elkarteagaz eta CER Sopela Plataformagaz elkarlanean. Horretarako, C.E.R. metodologia aplikatu dute, katuen populazioa kudeatu eta eragiten dituzten arazoei modu etiko eta kontrolatuan irtenbidea emango diena, hain zuzen ere.

Metodologia horren helburua da katuak harrapatzea, antzutea eta itzultzea, batez ere, animalien esterilizazioan eraginez, horien populazio-dentsitatea kontrolik gabe handitzea saihesteko. Metodologia horren bitartez, katuak antzutu, identifikatu, markatu eta tratatu ondoren, jatorrizko lurraldera itzuliko dituzte. Udalak azpimarratu duenez, jarduketa horren bitartez, katuen populazioa egonkortu egin ohi da ale esterilizatuen kopurua % 70era iristen denean.

Zeharkako kontrol-metodoa dela azaldu dute, lortu gura dituzten helbururako eraginkorrena, eta gero eta gehiago ari da ezartzen landako eta hiriko hainbat udalerritan. Metodologia hori behar bezala garatzeko, kontutan hartu beharreko oinarrizko aspektuak hauek dira: udalerriko katu-kolonien errolda egitea, kolonia bakoitzaren harrapaketa kontrolatua, animalien hasierako esterilizazioa eta ongizate jarraiturako akordio bat ezartzea inguruko albaitaritza-klinikakaz, garbi egon beharko diren elikatze-puntuak eta aterpe diskretuak instalatzea eta aldez aurretik prestakuntza jaso duten kolonia-kudeatzaileen figurak izendatzea.

Udalak baieztatu duenez, CER Sopela Plataformak eta Gureak elkarteko kideek ez dute zalantzarik jarduketa honen egokitasunari eta eraginkortasunari buruz: “Etika ez ezik, metodologia eraginkorra ere bada. Hori aplikatuta, katuen ingurunea hobetzen da, katuen ongizatea handitzeaz gain, bizilagunek katuen presentzia modu negatiboan hautemateari uzten baitiote; izan ere, borroka eta pilaketen ondoriozko zarata-mailak behera egiten du, katuen eta inguruan bizi diren pertsonen arteko estresa murriztuz", nabarmendu dute.

“Puntu honetara iritsita, ezinbestekoa da herritarren inplikazioa eta animaliekiko errespetua azpimarratzea. Gainera, animaliekiko errespetu horrek elikadura- eta babes-puntuekiko errespetua eta txakurren kontrola ekarri behar ditu, kolonietatik gertu paseatzen direnean edo katuei eraso eta enbarazu egiten dietenean”, gaineratu dute.

Inplikazioa

“Oso pozik gaude oso proiektu biribila lortu dugulako, guztion onerako, eta alde guztiak oso inplikazio osoarekin”, adierazi du Sopelako alkate Josu Landaluzek. Alkatearen hitzetan, “orain behar dena da CERak animalientzat zein pertsonentzat dituen onurak gizarteari azaltzea da”. Eta aipatutako abantaila horiek, hain zuzen ere, kaleetako katu-kopurua murriztea dira, “helburua guztiak esterilizatzea baita; katu osasuntsuagoak eta kale garbiagoak lortuz, elikadura-arau batzuk ezarriz, besteak beste, zaintzaileek bakarrik elika ditzaketenak, eta horrela egiaztatzen duen baimena izapidetzen zaie. Azken batean, osasun publikoko kontu bat da, herritarren eta animalien arteko bizikidetza hobetzen duena”, adierazi du Landaluzek.

Konpainia eta etxeko animaliak babesteko euskal lege berriari esker EAEk aurrerapauso handia eman du animalien aurkako tratu txarrak desagerrarazteko. Lege hori abuztuaren 18tik dago indarrean, eta animaliei babes handiagoa emateaz eta garraioetan eta ostalaritzan sartzeko aukera emateaz gain, arauak 100.000 euro arteko zehapen berriak ezartzen ditu arau-hauste larrienetarako.

Euskal lege berria txakurrei, katuei eta hudoei zuzenduta dago bereziki, baina etxeko beste animalia batzuk ere kontuan hartzen ditu, hala nola zaldiak, ahuntzak eta ardiak. Arau berri horri esker, maskotek eskubideak irabazi dituzte, eta jabeek beraien bizitza osorako zaintzaz arduratu beharko dute. Debekatuta dago animalia biziak erakusleihoetan erakustea, baita sari edo zozketa gisa erabiltzea ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun