Apirilean, auzoa hobetzeko egitasmoen artean, Sopelako Udalak Larrabasterrako ermita erosteko asmoa iragarri zuen. Orain, Gotzaindegiagaz negoziazioak ixtear daudela jakinarazi du, eta azaldu du agintaldia bukatu aurretik erosketa gauzatu gura duela; gainera, horren balioa ere zehaztu du: 400.000 euro. Horren bitartez, Larrabasterrako Ugeraga ingurua suspertzeko egitasmoaren barruan, zahartuta dagoen eraikin historiko horri "bigarren bizitza bat" eman eta kultura gune bat sortu gura diotela iragarri dute udal-iturriek.
Udalak adierazi duen zenbateko horri eraikina zaharberritzeko lanen kostua ere gehitu beharko litzaioke, gobernu-taldeak aitortu duen bezala, eraikinak "kalte asko" baititu. Momentuz, jakinarazi duenez, gurtzarako eremu bat mantenduko da eta atzeko aldea emanaldiak eta bestelako kultur jarduerak egiteko prestatuko da.
Sopelako Udalak inguru horretako aisialdi-eremuak hobetzeko asmoa iragarri zuen apirilean, eta, besteak beste, Urgitxieta plaza "atseginagoa izan dadin", eta Iberre parkea berdegune bihurtzeko esku-hartzeak egitea aztertuko zuela iragarri zuen. Eraikinaren erosketa egitasmo horretan kokatzen da.
Oposizioko taldeen kritikak
Oposizioko taldeek eraikina bereganatzeak suposatuko duen gastu handiagaz desadostasuna adierazi dute, eraikina erostea eta berritzeak kostu handia izango duelakoak baitaude. Sopelako EH Bilduk adierazi duenez, "auzorako erabilera publikoko udal-lokalik ez zegoenez, Larrabasterrako zenbait bizilagunek Karmengo baseliza erostea" proposatu zieten. Era berean, gogoratu dute EAJren gobernu-taldeak Urgitxieta plazako udal-lokalak Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateari saldu zizkiola. Elizak eskatzen duen zenbatekoa oso handia dela eta inbertsio nabarmena egin behar dela argudiatuta, dagoen gabezia hornitzeko proposatu dute Arabeta kalean udal-lokalak eraikitzea edo Mankomunitateari saldutako lokalak berreskuratzea.
Zentzu berean, DB-TU alderdiak deitoratu du erabaki hori ez zegoela igorritako 2022ko proiektu estrategikoetarako aurrekontuen memorian, eta zinegotziakaz ere ez dituztela operazioaren xehetasunak partekatu. "Ez dakigu Sopelako Udala inbertsio berri horri aurre egiteko moduan dagoen", gaineratu du Jon Andoni Gerediaga alderdiko ordezkariak.