Getxoko Fadura kiroldegian entrenatzen du 19 urteko Markel Fernandez Soto sopeloztarrak. Berango Atletismo Taldean sei urtez aritu ondoren, aurten, Durangoko atletismo taldean aritzeko fitxatu dute. Hala ere, aurtengo nabarmenena izan da 20 urtez azpikoen txapelketa ezberdinetan lortu dituen markak; beraz, adierazi duen bezala, "aurtengoa pasada bat izan da".
Hasteko, martxoan, Antequeran (Malaga, Espainia) lehiatu zen Indoor Txapelketan, eta Bizkaiko errekorra gainditu zuen; uztailean, Torrenten (Valentzia, Espainia) Aire Libreko Txapelketa irabazteaz gain, Euskadiko errekor absolutua ere gainditu zuen; eta, azkenik, Calin (Kolonbia) egin zen Munduko Txapelketan Espainiako errekorra lortu zuen 4x400 erreleboetan, eta bera partaide zen selekzioa laugarren sailkatu zen: lehenak Europako taldeen artean.
Hastapenak
"Atletismoan hasi nintzen Sopelako lasterketa batean parte hartu nuelako txikitan, eta emaitza nahiko ona izan nuenez, lagun baten aitak gurasoei atletismoan etorkizuna nuela esan zien; horrela hasi nintzen honetan"
"Munduko Txapelketan egotea izugarrizko esperientzia izan da niretzat, eta errekor horiek lortzea ere sekulakoa izan da", dio Fernandezek. Gaineratu duenez, horrelako markak ez dira egunero lortzen, aurreko Espainiako 4x400eko marka 1985ekoa baitzen. "Marka horiek hausteak ospea ematen dizu, eta, orain, lasterketetara noanean batzuek ezagutzen naute", dio gazteak. Dena den, oraindino errekor gehiago hautsi ditzakeelakoan dago: "Lasterkarien potentziala 20 eta 24ko adin-tartean dago".
Oso zaila ikusten duen arren, 2024an Parisko Joko Olinpikoetan parte hartzea bere ametsa betetzea izango litzatekeela dio: "Erreleboetara joatea posible ikusten dut, ordezko bada ere".