Sopelako Udalaren helburua da hirigunean ibilgailuen presentzia murriztea, oinezkoentzako eremua areagotuz. Zentzu horretan, Udalak 1,7 milioi euroko aurrekontua bideratu du, besteak beste, kaleetan asfalto inprimatua eta galtzada-harrizko eremuak jartzeko edo hiri-altzariak berritzeko. Era berean, lan horien bitartez, eliza ondoan aparkaleku bat ere eraikitzeko asmoa iragarri du Udalak.
Lanok eragina izango duten kaleetako ostalari eta merkatari askok kritikatu dute horiek Gabonetan egitea, beraien salmentei eragingo dielakoan baitaude. Egitasmoa onuragarria izango delakoan dauden arren, horiekaz hasteko data desegokienak aukeratu dituztela gaitzetsi dute, eta, adierazi dutenez, Udalak Gabonetako kanpaina "hondatu" die, erdigune guztia obrakaz egongo denez inor ez zaiela hurbilduko uste baitute.
Udalak ihardetsi dienez, helburua hirigunean ibilgailuen presentzia gutxitzea dela, "bertako negozioen eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko". Era berean, Josu Landaluze Sopelako alkateak adierazi du lanek errepideari bakarrik eragingo dietela, eta espaloietan ez dutela eraginik izango. Hala ere, alkateak onartu duenez, "badakigu Gabonak direla, eta obrek ondorioak dakartzatela, baina horiek dira lizitazioaren ondoren adostutako epea".