Nola sortu zenuten UK Foto?
Ander Moreno del Campo: Pandemiaren aurretik hasi zen guztia. Lagun bat eta biok Uribe Kostan argazkilari talde batean izena eman gura genuen, baina elkarte bezala ezarritako talderik aurkitu ez genuenez, gurea sortzea erabaki genuen. Horretarako, sare sozialetatik deialdi bat zabaldu genuen abenturan parte hartu gura zuen jendea gonbidatzeko, eta beste bost edo sei kidegaz batera taldea sortzea lortu genuen. Hasieratik, Sopelako Udalagaz hasi ginen elkarlanean San Pedro jaietako Argazki Rallya antolatzen, eta, elkartea sortu ondoren, beste hainbat jarduera ere antolatzen hasi gara, hala nola Sopela Kosta Fest jaialdiko argazkilaritza-lehiaketa, Argazkilaritza Jardunaldiak eta kideon artean egiten ditugun beste hainbat ekintza.
Beraz, oso talde dinamikoa zarete, barrura zein kanpora begira hainbat jarduera egiten baitituzue.
A.M.: Bai, hala da. Aipatutakoaz gain, gure artean ateraldiak egiten ditugu, tailerrak antolatzen ditugu, eta talde barruan ere argazki-lehiaketak antolatzen ditugu. Aurten, gainera, txango luzeagoak ere antolatzen hasi gara, eta, adibidez duela aste batzuk UK Fotoko 10 bat kide Nafarroara joan ginen.
Gilles Bourdoiseau: Gaineratuko nuke beti gaudela zabalik bestelako proposamenetarako, izan ateraldiak, tailerrak edo bestelako ekintzak. Gainera, gutako asko erretiratuta gaude, beraz, astia daukagu edonoiz horrelakoetara joateko, kar kar kar.
Nolakoak izaten dira zuen ateraldiak?
G.B.: Nafarroara egin genuen azken txangoan barikutik domekara joan ginen. Gida bategaz ur-jauzi eta leku ez hain ezagunak bisitatzeko aukera izan genuen, eta, batez ere, argazkiak egiten aritu ginen; ondo jatera ere joan ginen, noski, kar kar kar. Horrelako ateraldietan eta egiten dugun jarduera denetan gure helburua argazkilaritzari buruz ikastea eta ondo pasatzea da.
Angel Cerezo: Irteera horietan beti ikasten dugu zerbait berria; izan ere, gure helburua da ahalik eta interesgarrienak izan daitezen, eta Gillesek esan duen bezala, goazenok ondo pasatzea.
"Hasieran, sei kide ginen, baina gaur egun 41 gara eta bakoitzak ahal duen ekarpena egiten saiatzen da"
Ateraldiez gain, zuen tailerrak ere egiten dituzue, ez?
A.M.: Bai, hori da. Gutako bakoitzak argazkilaritzaren adar baten inguruko gauza zehatzak dakizki. Adibidez, duela gutxi, flasharen erabilerari buruz asko dakien Alberto Rubiok elkarteko kideentzako tailer bat eskaini zuen. Otsailean ere bodegoiak egiten dituzten kide batzuek horren inguruko tailerra eskainiko dute. Hasieran, sei kide ginen, baina gaur egun 41 gara eta bakoitzak ahal duen ekarpena egiten saiatzen da. Gainera, boluntarioen lan izugarria dago aipatutako ekintza horiek guztiak aurrera eramateko, eta jarduera guztiak antolatzeko.
A.C.: Adibidez, iaz Photoshop ikastaro bat ere eskaini nien beste kide batzuei. Photoshop zerotik izendatu genuen, askok ez zekitelako tresna hori erabiltzen, eta norbaitek irakasten ez badizu oso frustragarria izan daiteke.
Beraz, jakintza-maila oso ezberdinetako pertsonek osatzen duzue elkartea?
A.C.: Hori da. Ez dugu kide profesionalik, baina gurean maila eta adar askotako argazkilariak daude. Gainera, kideetako asko hasiberriak dira, elkarte batean egotea mundu honetan barreiatzeko oso modu ona delako.
A.M.: Ikasteari dagokionez, argazkilari bat babestu izeneko programa daukagu. Horretan, kideetako batek zerbaiten inguruan sakondu gura duela adierazten duenean, horren inguruan gehiago dakien norbaitegaz elkartzen da eta elkarregaz antolatzen dira.
Zeintzuk izango dira elkartearen hurrengo ekintza nagusiak?
A.M.: Urtarrilean, Iruneko Dark Red Team etorriko da Sopelara. Lightpainting edo argiagaz margotzen berezitua den taldeko kideek antzinako mehatxarien bizitza islatzeko erakusketa egingo dute Kurtzio Kultur Etxean, urtarrilaren 7tik 28ra. Azken egunean, euren lana azaltzeko berbaldia ere eskainiko dute Kurtzion. Horrez gain, Olatz Vazquez argazkilariaren senideakaz ere harremanetan egon gara bere oroimenean zerbait antolatzeko asmoa baikenuen, beraz, otsailaren 4an bere familiak berbaldi bat eskainiko du Kurtzion eta hilabete guztian zehar bere lanen erakusketa bat egongo da bertan.
"UK Fotok hainbat marko ditu erakusketak egiteko eta kideek egin behar duten bakarra da euren lanak inprimatu gero Txindor tabernan edo beste nonbaiten ikusgai jartzeko"
Maiatzaren 19, 20 eta 21ean hirugarren Argazkilaritza Jardunaldiak ere antolatuko ditugu. Jarduerak Kurtzion egiten ditugu eta doakoak eta irekiak dira gura duenak etortzeko aukera izan dezan. Egun horietan, besteak beste, David de la Iglesia, Juan Pixeleta edo Pedro Luis Ajuriaguerra argazkilariak etorriko dira euren lana erakutsi eta hitzaldiak ematen. Gerora, San Pedro jaietan, Sopelako Argazki Rallya eta, Sopela Kosta Fest-en, argazki-lehiaketa egingo ditugu.
Aipatu beharra dago ere Txindor tabernan gaur gugaz dagoen Angelen argazki-erakusketa bat dagoela ikusgai. Izan ere, taberna hori UK Fotoko babeslea izateko proposatu da. UK Fotok hainbat marko ditu erakusketak egiteko eta kideek egin behar duten bakarra da euren lanak inprimatu gero Txindor tabernan edo beste nonbaiten ikusgai jartzeko.
Zertan datza Argazki Rally bat?
A.C.: Goizean, datozen parte-hartzaileei zenbait gai proposatzen zaizkie eta egunean zehar argazkiak atera eta aurkeztu beharko dituzte. Gero, epaimahai batek argazkirik onenak aukeratzen ditu eta bozka gehien jasotzen dituenak irabazten du lehiaketa. Aurtengoa apur bat desastrea izan zen, euria egin baitzuen, baina, hala ere, hogei bat pertsonek parte hartu zuten. Orain, Euskadiko Argazki Rallyen ligan sartzeko ahaleginetan gabiltza, ahalik eta oihartzun gehien izateko, beraz, zenbait arau egokitzen ari gara.
Kide izan edo elkartea ezagutu gura dutenek zer egin behar dute?
A.M.: Gugaz harremanetan jarri daitezke UK Fotoren webguneko harremanetarako atalaren bitartez edo sare sozialetatik ere idatz diezagukete. Lehen kontaktu horren ostean, nik telefonoz deitzen dien interesa dutenei eta egingo ditugun ateraldien edo ekintzen berri ematen diet elkar ezagutzeko etor daitezen. Kide egin gura direnek urtean 30 euro besterik ez dute ordaindu behar, hori da daukagun kuota bakarra.