Sopelako Eraztun Berdearen egitasmoak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen zapatuan, berau osatzen duten interesguneen mapa aurkeztu baitzuten. Horretan, udalerriko hainbat eremu zehaztu dituzte: biodibertsitatearentzako interesgarriak diren hegaztientzako guneak, basoak eta errekak; Sopelak duen ondare arkeologiko nabarmena, besteak beste, Sahierriko eta Munarrikolandako dolmenak edo indusketa-arkeologikoko guneak; udalerriko hainbat errota; eta kostaldeko eremu interesgarriak.
Aurkezpenean azpimarratu zutenez, Eraztun Berdearen eremuak babes eraginkorreko kalifikazioa izango du, eta horrela jasoko du Udalak daborduko lantzen ari den Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean. Bertan, egitasmoaren helburuak lehenetsiko dituztela agindu dute, hirigintza-garapenaren gainetik.
Hainbaten elkarlana
Egitasmoa Kiribile elkarteak sustatutako harreman- eta topaketa-prozesutik jaio da, 2022ko maiatzaren 13an gorpuztu zen herritarren Akordio Estrategikoari esker. Bertan, egitasmoaren oinarriak, printzipioak, lan-eredua eta helburuak jaso zituzten, eta, ordutik, Sopelako hainbat eragile instituzional, politiko eta sozial elkarlanean aritu dira zapatuan aurkeztu zuten mapari forma emateko.
Zapatuan frontoian egin zuten aurkezpenean, “Akordio horren bidez, eragile instituzional, politiko eta sozial guztiek Sopelako Eraztun Berdea zehaztea eta gauzatzea ekarriko duten akordioak eraikitzeko prozesu bat garatzeko borondatea agertu zen, jarrera positibo eta kolaboratibo batetik”, nabarmendu zuten Kiribile Elkartetik.
Era berean, Josu Landaluze alkateak zera adierazi zuen: "Perimetro natural babestu eta maitatu batez hornitzeko tresna bat lortu nahi da, eta zalantza barik, sopeloztarrei eta bisitatzen gaituztenei ingurune bizi bat eskainiko die, pultsu naturalarekin eta biodibertsitatetik datozen erakargarri ugarirekin".
Behin mapa zehaztuta, "berau eraikitzeko erronka hasten da", aurreratu zuten Eraztun Berdearen Kontseiluko kideek. Horretarako proiektuan inplikatuta dauden pertsona guztien arteko akordio lortzea beharrezkoa dela azpimarratu zuten, "baita eraztun berdean sartutako lursailen jabeen artean ere, izan ere, lursail horiek funtsezkoak dira haien garapenerako eta Kontseiluak horiekin akordioak lortzea espero du”.
Lehiaketa
Maparen aurkezpenagaz batera, Eraztun Berdearen irudia diseinatzeko lehiaketa ere deitu zuten, Eraztun Berdea identifikatuko duen irudi korporatiboa, logotipoa, koloreak eta tipografia diseinatzeko, hain zuzen. Horren helburua da egitasmoaren irudi adierazgarria izango den logotipoa diseinatzea. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta lehiaketaren oinarriak Sopelako Udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dira.