Elkarrizketak

Daniela Garavelli: "Heriotzaz berba egitea oso deserosoa egiten zaigu"

Ander Zarraga 2023ko ots. 18a, 12:56
Daniela Garavelli da Sopelako Death Cafe eta antzeko beste elkargune batzuetako moderatzailea.

Heriotza da Death Cafe saioen gaia. Gizartean tabua den horretaz berba egiteko guneak dira, inolako epaiketarik eta betebeharrik gabe, baina elkarrengandik ikasi eta laguntzeko helburugaz. Daniela Garavellik Sopelako saioak moderatzen ditu, eta beragaz egon da HIRUKA horietaz gehiago jakiteko. 

Zer da Death Cafe bat?

Heriotzaren Kafea ere deitzen zaien gune hauetan pertsona ezezagunak kafe edo te bat hartzeko elkartzen gara heriotzaz berba egiteko. Hortik abiatuta, hainbat heriotza mota landu daitezke, bizi garen bitartean ere era askotan hiltzen baikara, heriotza ez delako gauza biologiko bat bakarrik. Berbarako, bakardadea, esklusioa, harreman baten bukaera edo lan-munduari lotutako etendurak ere bizitzan sufritzen ditugun nolabaiteko heriotzak dira. Death Cafe-ak horietaz askatasunez berba egiteko guneak dira.

Terapia baten modukoak dira?

Death Cafe-ak ez dira zer egin edo zertan sinistu behar den esateko topalekuak, ezta aholkuak emateko ere. Helburua ez da doktrinamendua, ezta terapia egitea ere. Helburua ez da inor epaitzea, baizik eta  askatasunez berba egin ahal izatea bakoitzak nahi duenaren inguruan, eta ahal bada elkarrengandik ikastea.

Beste helburu asko izan ditzakete, horietako bat da komunitateak elkar zaintzeko duen gaitasuna berrezartzea, gizartean edozein gairi buruz berba egiteko eremuak sortuko dituzten eragile eta pertsona gehiago egon daitezen. Kasu honetan, Death Cafe topaketen inguruan berba egiten ari gara, baina gizartean akonpainamendua ematen duten beste hainbat jardueren ingurukoak ere izan daitezke.

Hala ere, heriotza da abiapuntua. Gure gizartean horretaz berba egitea tabu bat delako ote da hori?

Heriotzaz berba egitea oso deserosoa egiten zaigu, ikusi nahi ez ditugun nozioakaz aurrez aurre jartzen gaituelako; beraz, ez diogu gure eguneroko bizitzan lekurik egin nahi. Carl Gustav Jung psikoanalisiaren aitzindariak esaten zuen moduan: “Ukatzen duzunak mendean hartzen zaitu, onartzen duzunak eraldatu egiten zaitu”. Uste dut bizitzaren alde bat goraipatzen duen gizarte batean bizi garela, baina beste parte bat ezkutatu eta ezeztatu egiten dugu. Horrek baliabiderik gabe uzten gaitu hainbat egoeren aurrean, adibidez, gure umeari bere maskota hil zaionean ez dugu horretarako erantzunik izaten, ez dugu jakiten nola erantzun. Bizitzan egoera desatsegin asko aurkituko ditugu, eta horiekaz ere bizitzen jakin behar dugu, ezin dugu aukeratu eta gustatzen ez zaiguna baztertzea. 

Nola landu daiteke heriotza gozotasunetik?

Ez nuke gozotasun berba erabiliko, agian errukitasuna hitz egokiagoa da, baina ez bere zentzu erlijiosoan. Ez dauka penagaz edo erlijioagaz zerikusirik, baizik eta pertsonen alderdi proaktibo eta enpatikoa aktibatzeagaz; hau da, besteari gertatzen ari zaiona giza-esperientzien parte dela eta ni ez nagoela horretatik kanpo. Egia da prozesu zail batetik pasatzen ari garenean, modu atsegin eta adeitsuan lagunduak eta onartuak izatea laguntzen gaituela, eta, ondorioz, irekitzen laguntzen gaitu. Batzuetan, gure inguruko pertsona bat momentu zail batetik pasatzen ari denean ez dugu jakiten zer esan edo zer egin, baina askotan egin dezakegun onena bera entzutea besterik ez da.

Ondo dauden pertsonak ere joan daitezke?

Noski baietz. Pentsamendu, iritzi edo gogoeta ezberdinak komunean jartzen ditugunean, arrazoia edo norbait konbentzitzeko helburua izateko grina alde batera utzita, gauza oso ederra gertatzen da eta hainbat aukera azaltzen zaizkigu. Orduan, konturatzen gara gurea ez dela sentitzeko edo jarduteko modu bakarra eta horrek askatasun gehiago ematen digu erabakiak hartzeko orduan. Gainera, zerbait erostera behartuko gaituen tokia ez denez, askatasun gehiagogaz sentitzeko aukera daukagu eta konturatzen gara gauzak egiteko modu gehiago daudela.

Nola antolatzen dira saioak?

Saioek ez dute gai-ordena edo helburu finkorik, normalean, jendeak nahiago dituen kontuen inguruan berba egiten da. Batzuetan gai konkretuak azaltzen dira, adibidez, nola egin bizi-testamentua, heriotza traumatiko baten ondorioz hil den norbaiti agur nola esan, nola antolatu hileta bat… Gero, moderatzaileon lana denek berba egiteko askatasuna izan dezatela bermatzea da, ez besteek baino gehiago dakigulako, rol hori hartzen dugulako baizik.

Nolako jendea joan ohi da horrelako topaketetara?

Gure bizitzako une bat heltzen da konturatzen garela agian bizi izan dugun denbora luzeagoa izan dela bizitzeko geratzen zaiguna baino. Dante Alighlieri idazleak Jainkotar Komedia liburuan idatzi zuen bezala: “Bere bizitzaren erdian, baso ilun batean aurkitu zen”. Orduan, nik  uste dut gure bizitzako une batean gelditu egiten garela eta esanahia bilatu gura diogula, eta nora goazen galdetzen diogu gure buruari eta bizitzea zer ote den hasten garela pentsatzen. Beraz, joaten diren gehienak 40 urtetik gorako pertsonak izan ohi dira, baina egonezin hori duten pertsona gazteagoak ere daude. Heriotzak guztioi jartzen gaitu maila berean, baina ez dakigu noiz izango den, eta horrek ezinegon bat sortzen digu.

Normalean, emakume gehiago etorri ohi dira gizonak baino. Arrazoi asko egongo dira, baina nik esango nuke emakumeok beti bereganatu dugula zaintzaren rol hori eta gehiago lagundu dugula heriotza edo gaixotasun prozesuetan. Aitzitik, gizonezkoei irakasten zaie sentimenduak ez direla azaleratu behar, ez dela negar egin behar, eta zaurgarri erakustea ahulezia dela. Hala ere, gizon asko etortzen dira, eta beste udalerri batzuetan gizon edo emakumezkoentzako saio bereziak egiten dituzte, beste hainbat gai konkreturen artean.

Sopelan zeintzuk dira egiten dituzuen topaketak?

Sopelaren kasuan, Death Cafe-ak hilean behin egiten ditugu online formatuan, pandemian horrela hasi ginelako eta sortu zen taldeak horrela mantentzea erabaki zuelako. Horrez gain, Sopelan Kafea Konpainian ere egiten dugu, aurrez aurreko saio horietan jendeak bakardadeari buruz berba egiten du, eta besteekiko konektatuta edo deskonektatua sentiarazten gaituena da abiapuntua. Horrez gain, Life Cafe ere egiten ditugu hilean behin, eta bizi-ziurgabetasunei heltzen diegu. Horiek ere presentzialak dira eta gazteei bideratutako topaguneak dira, nahiz eta adin guztietako jendea etortzen den, bizitzako fase askotan senti gaitezkeelako galduta. Horrez gain, beste hainbat udalerritan ere egiten dituzte horrelako saioak, inguruan, Getxo Zurekin da aipagarriena, baina beste hainbat lekutan ere egiten dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun