Otsailaren 24an “Fuego amigo” berbaldia eman zenuten Sopelako Mikelats Herriko Tabernan. Zer landu zenuten bertan?
BRYN: Hitzaldiaren tituluak dioen moduan, gure helburua da ustezko ezkerreko ideologiako eremuetan ematen diren diskurtso transfobo eta misoginoak identifikatzeko tresnak ematea. Batez ere, feminismoren barruan azaleratzen dira kontaketa horiek, baita elkarte eta erakundeen antikapitalisten barruan ere. Beraz, identifikatzeko erraztasunak emateaz gain, gura duguna da jendea ohartzea erretorika mota horiek gure espazioen barnean daudela, eta pertsona horiek botatzea ezinbestekoa dela.
ANNA: Euskal Herriko zenbait elkartetan jarri gura dugu arreta, ezkerrekoak edo feministak diruditenak baina, gerora, arrazakeria edota transfobia kutsu oso indartsuak dituztenak. Horrela, diskurtso horiek dituzten pertsonak identifikatu eta bota gura ditugu ezkerrak konkistatu dituen espazioak seguruak izaten jarrai dezaten.
B.: Gure erantzukizun kolektiboa da berrestea klase-borroka eta transfeminismoa geureak direla; izan ere, trans pertsonak beti egon gara espazio antikapitalistetan. Askotan leporatzen zaigu nortasun-politikak ditugula, edota neoliberalak garela, hori guztiz gezurra denean. Horregatik, “Fuego amigo” bezalako hitzaldiak gune antikapitalistetan egiten ditugu, gu garelako espazio horien parte. Izan ere, ez zaigu interesatzen Legebiltzarrera joatea inor konbentzitzera.
Gure gizartean horrelako diskurtsoak zuritzen direla uste duzue?
A.: Erabat. Diskurtso apurtzaile gisa aurkezten dituzte hedabide tradizionaletan, eta zenbait egunkarik titular asko ematen dizkiete. Gainera, eskuinaren goranzko joera berri bat dago, eta diskurtso transfoboak zabaltzen dituzten pertsona horiek horretaz baliatzen dira beren buruak justifikatzeko. Era horretan, eskuindar tradizional erreakzionario figura horretan sartzen ez diren identitateak erasotzen dituzte, hala nola trans identitateak edota pertsona migratzaileak.
B.: TERF taldeak, hau da, feminismo erradikal trans-baztertzaileak, erakundeetatik, talde-politikoetatik, eta, oro har, burgesiatik datoz. Izan ere, TERF pentsamoldea AEBetatik inportatutako zerbait da, eta Josebe Iturriotzek esango lukeen bezala, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan feminismoak izan duen ibilbide historiko osoan zehar trans pertsonak beti egon dira presente. Hala ere, gure kontra egiten duten taldeek euren buruak zuritzen dituzte esanez ez daudela trans identitateen kontra, baizik eta queer teoriaren eta identitate-politika neoliberalen aurka. Eta azken horiek ere, AEBetatik datoz.
Zer behar da horrelako diskurtsoakaz bukatzeko?
A.: Funtsean, mekanismoa datza hitzaldietan aipatzen diren hitz jakin batzuk identifikatzean. Bestalde, oso garrantzitsua da “Fuego amigo” bezalako hitzaldietan parte hartzea, modu horretan, diskurtso trans-baztertzaileak desagerrarazteko.
B.: Asanbladan talde ez-mistoa garen arren, guretzat garrantzitsua da identitatearen kontzeptua gainditzea eta ulertzea ez dela ezinbestekoa identitatean soilik oinarritutako aliantzak ehuntzea. Izan ere, badira kapitalaren agenteak diren LGTB pertsonak edota pertsona arrazializatuak. Obama presidente egin zutenean arrazakeria amaitu ez zen bezala, guri ez zaigu interesatzen trans polizia bat existitzea, edota trans bisexual ministro bat egotea. Era berean, auzi hau feminismotik planteatu gura dugu: agian ez da subjektua zabaltzeko unea, baizik eta hausnartu beharko genuke kapitalismoari aurre egiteko zenbateraino den baliagarria identitatean soilik zentratzea.
Feminismoaren harira, nola ikusten duzue identitate transen egoera korronte ezberdinen barruan?
A.: Talde feminista batzuen militantzia trans pertsonak iraintzean datzan moduan, egia da, beste aldetik, pertsona asko kezkatuta daudela gure egoeragatik. TERF pentsamoldearen gorakada nabaria da, baina elkarte asko lanean dabiltza pertsona horiek gure espazioetatik botatzeko.
B.: Gorrotoan hain esplizituak diren talde horiek identifikatzen laguntzeaz gain, talde feministen edo ezkertiarren barruan modu esplizituagoan edo kontzienteagoan hitz egiteko tresnak ematen ditugu. Militantzia esparru horietan, portaera edo diskurtso transfoboak dituen jendea egon daiteke, eta horrek ez du esan gura konponbiderik ez duenik. Zurikeriatik ere, supremazismo zuri horri traizio egiteko erantzukizuna dugu, eta ez bakarrik maila teorikoan, baita praxian ere. Hortaz, jendeak jakin behar du nola eraiki daitezkeen espazio politiko erradikal edo iraultzaile koherenteagoak trans pertsonakaz.
Nolakoa da Osakidetzako Identitate Unitatearen baitan ematen den egoera?
A.: Egungo egoera arduragabekeriaz beteta dago; nahiz eta lege batek psikiatriatik pasatzea ilegala bihurtzen duen, prozesu hori derrigorrezko urrats gisa ageri da oraindino ere. Gainera, trans pertsonenganako indarkeria asko daude, eta Osakidetzan irakurketa erabat bitarra dago. Horrek, ezinezko egiten die pertsona askori binariotik kanpo genero-autodeterminazioa eta hormonazioa lortzea. Trans pertsonentzako Identitate Unitatea oso leku deserosoa da, baita nahiko patologizatzailea ere.
B.: Estatu mailan onartu berri den trans lege delakoa aspalditik existitzen da autonomia-erkidego askotan. 2019tik, teorian, EAEk ez du eskumenik pertsona trans bat psikiatriatik pasatzera behartzeko genero-identitatearen nahasmenduagaz diagnostikatzeko. Baina lege hori egoteak ez du esan gura ezer aldatu denik. Osakidetzako Identitate Unitatearen baitan tratu txarrak eta botere-abusuak bizitzen dituzten identitate transek. Horregatik, kanpaina bat dugu urteetan zehar horrelako indarkeriak jasan dituzten pertsonen testigantzak jasotzeko, modu horretan, kontsulta horien atearen atzean gertatzen dena ikusarazteko.
Bestalde, askotan leporatzen zaigu trans pertsonak erabat despolitizatuak garela, inolako pentsamendu kritikorik gabekoak. Horregaz batera, trans pertsonok genero-estereotipoak indartzen ditugula ere kritikatzen digute, baina guk ez badugu instituzioetatik eskatzen den kontakizun zehatza saltzen, haientzako ez gara pertsona transak. Gainera, Osakidetzako Identitate Unitatearen baitan ikuspegi erabat kapazitista dago indarrean, izan ere, ez dute aurreikusten pertsonalitatearen nahasmendu bat edo eskizofrenia duen pertsona bat trans izan daitekeenik.
Otsailaren 16an, Espainiako Kongresuak trans eta LGTBI legea onartu zuen, genero autodeterminazioa Espainiako Estatu osoan lehen aldiz arautuz. Zer deritzozue lege horri?
B.: Lehen aipatu dugun bezala, lege hori euskal lege autonomoan existitu arren ez dela aplikatzen kontuan hartuta, praktikan ikusi beharko dugu hemendik aurrera nola funtzionatzen duen. Alde positiboak ditu, besteak beste, dokumentazioa aldatu ahal izateko bi urteko hormonazio-betekizuna kendu dute. Hala ere, lege horrek pertsona migratzaileak kanpoan utzi ditu: pertsona horiek dokumentazioa aldatzeko beren jatorrizko herrialdeko dokumentu bat behar dute, eta, orduan, soilik agian, paper horregaz beren dokumentazioa alda dezakete.
Bestalde, lege horrek kanpoan uzten ditu trans ez-bitarrak ere. Hala ere, inoiz ez da gure lehentasuna izango NANean hirugarren laukitxo bat egotea, pertsona ez-bitarrak garela jartzen duena, atzerritartasunari buruzko lege bat oraindino indarrean dagoenean.
A.: Pertsona askorentzat onuragarria da, baina ezin dugu ahaztu nolakoa den legea Espainiako Estatuaren barnean. Eta berriro ere, EAEko 2019ko legeagaz gertatu den bezala, lege bat egoteak ez du esan gura lege hori bete behar denik. Lege batzuek poliziaren indarkeriatik babesten dituzte herritarrak, baina poliziak nahi duena egiten jarraitzen du. Horrenbestez, erakunde medikoetan gauza bera gertatzen jarraituko da. Legearekiko kritikoak izan behar dugu, eta ikusi behar dugu pertsona migratzaileak alde batera uzten diren bitartean ezin dela garaipentzat hartu.
Zer uste duzue lege horren ondorioz alderdi politikoen artean sortu den polemikari buruz?
A.: Gatazka ikusgarritasuna lortzeko mekanismo politikoa da, eta, berriz ere, inportazio estatubatuarra da. Eztabaidak komunikabideetako azalak konkistatzeko beste modu bat izan dira, baita arazoak trans identitateetan ardazteko era bat ere. Modu horretan, egitura-arazoak ez dira sisteman fokalizatzen.
B.: Mainstream diren egunkari askok hitz egin dute gaiaz, eta kezkagarria da, onerako eta txarrerako, aho askotan dagoen gaia delako, eta mundu guztiak duelako iritzi bat. Antzerki politikoaren zati bat da, eta, nolabait, ondo datorkie bi aldeei. Bulo faxistakaz gertatzen den bezala, estereotipoak birziklatzen dituzte: asko hitz egiten dute haurtzaroari buruz, eta umeen ongizatearen inguruan kezkatuta ageri dira, gu perbertitu batzuk garela esanez.
Bestalde, bat-batean, jendeari axola zaio kartzeletako emakumeen moduluetan trans emakumeak egotea, Espainiako Estatuan errealitate hori 2007tik gertatzen denean, pertsonak NANa aldatuta izan ala ez. Instrumentalizazio oso indartsua da hori, izan ere, beharbada fokua aldatu beharko genuke, eta hausnartu kartzelako sistemaz eta haren existentziaz .