Eder Garcia izango da Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IU eta Alianza Verde koalizioko hautagaia Sopelan

Ander Zarraga 2023ko mar. 9a, 11:38

Eder Garcia koalizio moreko zinegotzia da Sopelako Udalean. © EZKER ANITZA-IU

Maiatzeko udal-hauteskundeei begira Ezker Anitza-IUko ordezkari eta Sopelako Udaleko zinegotziak helburu hauek dituela adierazi du: auzo-bilerak sortzea herritarrei entzuteko, etxebizitza publikoa bultzatzea eta Eusko Jaurlaritzagaz negoziazioak egitea haur-hezkuntzako ikastetxe berriaren eraikuntza arintzeko, bai eta udalerriko ingurune naturalari balioa ematea ere.

Sopelako Ezker Anitza-IUko ordezkaria eta koalizioko egungo zinegotzia izango da maiatzaren 28ko udal- eta foru-hauteskundeetarako Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IU eta Alianza Verde alderdien zerrendaburua Sopelan.

Zera adierazi du Garciak bukatzear dagoen agintaldiari buruz: “Nekatuta gaude EAJ-PSEren gobernu ereduak herritarrak nola ez dituen kontuan hartzen ikusteaz. Proposamenak edukitzeak eta besterik gabe gauzatzeak ez du balio, auzokideak eta eragindako kolektiboak ere kontuan hartu behar dira”. Horregatik, koalizioaren helburuetako bat auzo-bilerak
abiaraztea izango dela iragarri du, bizilagunen kezkak eta proposamenak aldizka entzuteko eta gehien eragiten dieten udal-jardueren berri emateko.

Etxebizitza publikoaren aldeko apustua da Garciak nabarmendu duen beste jarduera-ardatzetako bat: “Etxebizitzaren prezioa neurrigabea denez, sopeloztar askok herritik alde egin behar izaten dute. Etxebizitza publikoa bultzatu nahi dugu, gazteek beren bizi-proiektua udalerrian garatu ahal izan dezaten”.

Halaber, koalizioko hautagaiarentzat hezkuntza publikoa garrantzitsua dela azpimarratu du, hori dela eta, zera iragarri du Zipiriñe ikastetxearen arazoaren inguruan: “Eusko Jaurlaritzari exijitzen jarraituko diogu Sopela eta bere familiak bete ditzala eta haur hezkuntzako ikastetxe berria behingoz eraiki dezala. Aski da aitzakiekin eta denbora irabaztearekin, Sopelako familiek ezin baitiote eutsi kalitatezko irakaskuntza publikoaren faltari”.

Ingurumenari dagokionez, jakinarazi du koalizioak ekimenak dituela udalerriko ingurune naturala indartzeko, “guztiok goza dezagun, Kiribilek Eraztun Berdearekin hasitako bidea datozen urteetan indartu behar dugula uste dugu”, nabarmendu du zinegotziak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun