Elkarrizketak

Saioa Ortega: "Emaitza honek aurrera jarraitzera motibatu nau"

Ander Zarraga 2023ko mar. 10a, 08:37

Saioa Ortega Berasaluce Surf Eskolako kidea da. © SAIOA ORTEGA

Sopelako surflari gazteak Europako surf txapelketa irabazi zuen otsailean Marokon. Horri esker, kontinente zaharra ordezkatuko du apirilean Australian egingo den 16 urtez azpikoen Munduko Txapelketan.

Otsailaren 18an eta 19an Taghazouten (Maroko) izan zen Europako Rip Curl Grom Search txapelketa irabazi zuen Saioa Ortega sopeloztarrak. 16 urtez azpikoen kategorian gailendu zen 15 urteko gaztea, apirilean Australiako Bells Beachen egingo duten Munduko Txapelketara joateko txartela lortuz. Irabazterakoan, bere poztasuna ezin ezkutatu zegoela aitortu du, "horrek erakutsi dit kapaza naizela emaitza handiak lortzeko, eta asko motibatzen nau".

Aurretik, Euskal Herriko Surf Zirkuituan edo Espainiako Junior Open Zirkuituan ere gailentzetik dator, beraz, badaki irabaztea zer den. "Txapelketa guztietan ez nintzen hain ondo aritu, baina lortutako emaitza on guztiek aurrera jarraitzera animatzen naute", dio.


Saioa Ortegak 16 urtez azpikoen Munduko Surf Txapelketan parte hartuko du apirilean. © SAIOA ORTEGA

Apirilean, Australian lehiatuko duen finalerako prestatzeko denbora askorik ez duela azaldu du; hala ere, dioenez, "ahalik eta hoberen iristeko topera entrenatzen nabil". Horretarako, urte osoan zehar prestatzen da, surfean zein entrenamendu fisikoakaz. "Txapelketak baino lehen gehiago zentratzen gara eramango dugun estrategian", nabarmendu du. Horretarako, Jatyr Berasaluce da bere entrenatzailea, eta Evgeny Zootev du prestatzaile fisiko. Normalean, Sopelako Barinatxe hondartzan entrenatzen duela dio, "baina itsasoaren egoeraren arabera mugitu egiten gara".

Surflari eredugarriak. "Leticia Canales edo Garazi Sanchez bezalako tokiko surflari ezagunak eredu bezala hartzen ditut; azken finean, haiek ikustea motibazioa ematen dit beraien modukoa izan nahi dudalako"

Horrez gain, gurasoen eta Ander Deuna Ikastolako irakasleen laguntza ere ezinbestekoak dituela dio: "Gurasoek asko laguntzen naute entrenatzera eta txapelketetara nirekin datozelako. Horrez gain, irakasleek ere nahiko laguntzen naute, kanpora lehiatzera noanean azterketak atzeratzen dizkidatelako, besteak beste".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun