Sopelako inauterietan indarkeriaz egindako hainbat lapurretaren ustezko egileak atxilotu dituzte

Ander Zarraga 2023ko mar. 16a, 11:41

Ertzaintzaren bi patruila, artxiboko irudian.

Ertzaintzak 18 eta 19 urteko gazte bi atxilotu ditu otsailaren 19an ospatu ziren Sopelako inauterietan indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lau lapurreten ustezko egile gisa. Atxilotuei lapurretez gain, lesio-delitu bat ere egozten zaie; beraiez gain, agenteek beste bost gazte identifikatu dituztela ere zehaztu du.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, otsailaren 19ko goizaldean, Sopelako inauterietako jaien testuinguruan, Ertzaintzak zazpi jarduketa egin zituen indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretengatik. Biktimek eta lekukoek agenteei jakinarazi zieten ustezko lapurrak gazte-talde bateko kideak zirela, eta biktimei ukabilkada batzuk eman ondoren eta laban batzuekaz mehatxu eginez, urrezko kateak, mugikorrak eta dirua lapurtu zizkietela.

Gerora, erasotuek lau salaketa jarri zituzten indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretengatik eta beste bat eraso egin eta lesioak eragiteagatik. Getxoko Ertzain-etxeko agenteek burututako ikerketaren ondorioz, aurreko martitzenean bi gizonezko susmagarriak atxilotu zituzten, eta gertakizunakaz zerikusia izan dezaketen 18 eta 21 urte bitarteko beste bost identifikatu zituzten.

Momentuz, atxilotutako bi pertsonak Getxoko Guardiako Epaitegiaren esku jarri dituztela azaldu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun