Zelan baloratzen duzu lau urteotako legealdian egindako ibilbidea?
Egin dogun lanagaz pozik nau. Izan dire lau urte oso gogorrak, ze pandemiaren eraginez hor erdien zoritzarrez bi urtez lotuta edo erdi lotuta egon ginen. Horren ondorioz, agintaldi-planetako obra guztiak sartu doguz legealdi akaburako. Gainera, hasieran planteatutako lanen aurrekontua be bikoiztu egin da, baina zorionez Sopelan baliabideak dekoguz eta horreri be aurre egin ahal izan dotzagu. Agian beste modu batera egin ahal zan, baina holan suertatu da. Halan da guzti, pozik gauz emaitzagaz, planteatutakoaen barruan % 80a eginda dauelako, eta oin gauz herritarrei bidaltzen zer dan egin doguna. Horregaz batera, bost bideo be argitaratu doguz azaltzen arlo bakoitzean ehuneko zenbat egin dogun.
Zailtasunez eta gorabeheraz betetako legealdia izan da azken hau, hala nola COVID-19 pandemia eta krisi ekonomikoa; zelan egin diezue aurre?
Nik pentsetan dot bultzada itzela emon deutzagula herriari, horretarako sortu genuen taldea oso gogorra izan zalako, eta, besteak beste, Bono-denak eta Gastro-bonoak sortu genduzen. Lehenengoak izan ziren eta ez gendun idearik eduki: ordaintzeko oso txarto ibili ginen, interbentorea ere zoratuta egon zan… Hala ere, ikasi gendun eta oin askoz errezau gabiz egiten, eta, horretarako, diru piloa ipini dogu, legealdi honetan 200.000 eurotik gora. Berbarako, orain, udabarri partean, 40.000 ipini doguz Bono-dendetarako eta 15.000 Gastro-bonoatarako, eta, udagoiena partean, beste horrenbeste ipiniko doguz. Berehala amaitzen dire, beraz, esan dezakegu bai herritarrek baita guk ere ikasi dogula eta oso ondo funtzionatzen dabela.
Gobernu-taldeak aurrera eramandako proiektu guztien artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Amaituta dekoguzen proiektuen artean azpimarratuko nuke bidegorri danak dekoguzela lotuta; batetik, Urdulizera arte doana, eta, bestetik, zatika egon diren parte danak. Horrez gain, beste proiektu bat oso interesgarria dana da Urkoko Ugeragako futbol-zelaia barriztutea lortu dogula; nahiz eta Ugeragan ondino hainbat inbertsio egin behar diren. Interesgarria dan beste proiektu bat eta daborduko martxan dagoena Urgitxieta plazako igogailuarena da.
Horiez gain, oso enblematikoa da Akilino Arriolan egiten gagozen lana. Ez dot uste urteko momentu egokirik dagoanik horrelako lan bat hasteko, Gabonetan ez bada udaberrian edo udan izango da, baina beti izango doguz arazoak. Hala ere, obra garrantzitsua da, bi milioi euro inbertitu doguzalako horretarako, pentsa Sopela bezalako herri batentzako diru pilo hori jartzeko zelako ahalegina dan. Ekaineko San Pedroetarako lanen lehen parte hori amaituta egongo da, Akilino Arriola eta Elieizalde partekoa, eta, uda pasa eta ostean, Loroño eta Sabino Arana kaleetan jarraituko dabe lanek. Orain arte, egon diren hainbat mugagaz herria erdibituta eduki dogu, baina Zipiriñetik udaletxera doan tartea asko aldatuko da eta oinezkoek lehentasuna edukiko dabe, beraz, herritarrentzat askoz hobe izango da uste dot.
Horrez gain, Eraztun Berdearen kontuagaz be hainbat denbora daroagu lanean, eta azkenean proiektuak martxan dau: duela aste batzuk 130 zuhaitz jarri genduzen ortu batzuk egon ziren lurzoru munizipal batzuetan. Horreri esker lursail hori garbitu eta txukundu gendun, eta zonaldea berreskuratu ahal izan gendun. Urkoko partean, potzuak dagozan lekuan, aurreproiektua dekogu hor egingo den egitasmoaren inguruan eta pentsatzen dot gauza politak egin ahal izango doguzela hor bebai. Gainera, Erantzun Berdearen izena be erabakitzeko lehiaketa martxan dau eta laster aurkeztuko dogu hori bebai. Argi dekogu baita egitasmoa Hiri Antolamendurako Plan Orokorragaz be joan beharko dala eta hor zehaztuko dogu zein zonaldetan joango diren babestutako guneak. Proiektua egiteko prozesu betean gauz eta gauza asko dekoguz esku artean, horregatik eskerrak emon guretzatez taldeari lan handia dabizelako egiten.
Baten bat egiteke gelditu zaizue?
Bi dekoguz ikutu barik: Iturrietako parkeko estalkiarena, oraindik proiektua atertzeko lanetan gabiltzana, eta, bestea, Sopelab deritzona. Gainotzekoak amaituta edo martxan dauz. Adibidez, Plazarteko oinezkoentzako bideak barrizten gabiz. Horrez gain, Larrabasterran komun auto-garbitzaileak jarri doguz eta Arrietarako komuna kentzeko baimena dekogu eta horren ordez beste komun auto-garbitzaile bat jarriko dogu, urte osoan zehar komuna egon dagin.
EAJren alkategaia izango zara berriz ere maiatzaren 28ko hauteskundeetan. Zein aurreikuspen dituzu hurrengo legealdiari begira?
Gure egitasmorik garrantzitsuena Sopelab izango da zalantza barik. Egitasmoa martxan dago eta duda barik amaitu egin behar da, eta Iturrietako estalkia ere nola edo hala egin beharko da. Gero beste proiektu batzuk dekkoguz, adibidez, Iturrietako frontoiaren bueltan gazteentzako Pump Truck pista bat egin gura dogu.
Horrez gain, egin behar dan beste gauza bat Udaltzaingoaren polizia-etxea da, ze orain hara bazoazie egoera penagarrian dago, eta ez dakit oraindik zelan ez dozkuen zigorrik jarri. Egitasmoa martxan dau eta horretarako Bareñoko lurzorua be prest dekogu.
Horrez gain, Zipiriñeren inguruan egon diren azken albisteak ere aipatu beharrekoak dira, ez duzu uste?
Bai noski! 2019ko uztailean talde politiko guztia, Zipiriñeko zuzendaritza eta IGE lanean hasi ginen, eta hor hainbat proiektu aurkeztu genduzen eta ordutik danok gabiltzez buru-belarri arazoa konpontzeko, eta pentsetan dogu datorren udagoienerako Hezkuntza Sailari Loroñoko partzela emoteko gai izango garela.
2021ean hainbat konpromiso hartu genduzen, eta ikusi danez matrikulazio-kopurua gorantza doala eta horrela jarraituko dabela, udalerriak be hazten jarraituko dabelako, orduan beharrezkoa zan holako konponbide bat. Esan dozkue eraikin berria egingo dabela eta Iberren Batxilergoa be emongo dala, eta, epeak behar doguzen arren, danon proiektua aurrera doala emoten deu.
Zelakoa da gaur egungo egoera Udalbatzan?
Hor atxiki gabeko zinegotzi bat egon da, aurreko legealdietan be egon zan moduan. Azken finean, oposizioak kritikatu deu berak liberazioa esku ebala. Baina berak hori modu formalean eskatu eban, eta hori onartzea edo ez onartzea Udalbatzaren kontua da. Guk baldintzak azaldu geneutzozan eta osoko bilkurara eraman behar zan auzia, baina bileraren aurretik bera atzera bota zan. Guk inoz ez dotzagu proposatu liberatzea bederatzigarren botoa izateko, kontrakoa esatea gezurra da.
Kiroldegiaren pleguak onartzeko orduan atera zen kontu hori.
Nik gauza bat esango dotzut, kiroldegiko proiektua osoko bilkurara eroan gendunean argi eta garbi eduki gendun ezezkoa urtengo zala. Egin gendun berba EH Bildugaz, Podemosegaz eta atxiki gabeko zinegotziagaz bebai, eta berak esan dozkun ez zegoela ziur, ez zekiela baietz bozkatu eta abstenitu. Beraz, gu bilkurara ilusioagaz egindako proiektua eraman gendun, pentsatzen Sopelarako oso ona dala, horri esker, hurrengo 20 urteetan herriko kirol-instalazioak onenetarikoak izango direlako.
Horri esker, besteak beste, Urkoko padeleko pista barriak edukiko doguz, orain dekoguzenak jende gehiegi hartzen dabezelako eta erabaki gendun Urkoko aparkalekua leku onena zala hori egiteko, min gitxien egiten daben lekua hori dalako. Hori egiteko aukeratu dogun lekuan zeuden hamar haritzak lekuz aldatu doguz, eta, baten bat lehortu dan arren, gehienak ondo dauz.
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko presidentea ere zara une honetan. Nola uztartzen dituzu kargu biak?
Ez da erraza, baina norbaitek egin behar deu. Bi urte daroatez horretan eta nire lehen egitekoa Mankomunitatea argitaratzea izan da, hau da jendeak ezagutu dezala mankomunitatea zer den eta daukan balorea emotea. Horretarako, enpresa bat kontratu gendun komunikazioa egiteko eta egiten doguzen lanak be publiko egiteko. Horregaz batera, dekogun jendeagaz lan-metodologia be aldatu dogu eta gure web-orrialdean zerrendatu doguz gure bost ardatzak: gizartea, ongizatea, ekogunea, euskara eta kontsumoa. Helburua da jendeak erraz aurkitzea laguntza bat behar dabenean gure webgunean non aurkitu ahal daben informazio guztia.
Horrez gain, balorazio bat egiten gauz dekoguzen baliabideen inguruan ikusteko zer gehiago emon ahal dogun. Gainera, Loiolan egingo diren etxebizitza berrietan lokal bat erosita dekogu eguneko zentro bat egiteko, beraz urte bi barru hori be eskaini ahal izango dogu.
Zelan uztartu dituzu agintari eta herritar gisako paperak zure bizitza pertsonalean?
Ni erretiratuta egon nintzen kontu honetan sartu arte, eta, momentu honetan ez dekotenez bestelako kezkarik, ba pozik nau behar honetan. Emakumea be lanean dau eta biok elkarregaz bizi gara, beraz, ez dekot bestelako buruko minik. Niri beharrak ez dost ikaratu inoiz, eta erronka moduan hartzen dot, batzuetan hobeto edo txarrago egingo dot, baina eskerrak lantalde oso ona dekot eta eureri esker ateratan dot lana, bakarrik ez nabelako egingo, ezta inondik inora.