Elkarrizketak

Julene Puente: "Inprobisazioa izan da lan guztia, eta oso dibertigarria izan da"

Iker Rincon Moreno 2023ko api. 3a, 12:15

Julene Puente, erdian, gurasoak ondoan dituela.

Askotariko sariak jasotzen ari da egunotan Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas filma. Horretan, protagonistaren laguna den Nico pertsonaia interpretatzen du Julene Puente sopeloztarrak. 

Txiki-txikitatik gustatu izan zaio zinema eta telebista Julene Puente sopeloztarrari, eta ate handitik egin du salto mundu horretara; izan ere, Estibaliz Urresolaren zuzendaritzapean, protagonistaren lagunaren pertsonaia interpretatu du 20.000 especies de abejas film arrakastatsuan. Bere ama Ane Nafarratek azaldu duenez, "gaixorik geunden itxialdi batean proposatu zigun Julenek aktore izan nahi zuela, eta kasualitatez topatu genuen pelikula honen castinga". Hautaprobak iazko urtarrilean egin zituzten, eta, horietan, Julenek gogoratzen du antzerki txiki bat egin behar izan zuela, inprobisatuta, "praktikatzeko eta ikusteko nola egiten genuen". Aurkeztu eta lortu; papera berea zen. Hala, udan, ikasturtea amaituta, zazpi astez grabatzen aritu ziren. "Izugarria izan da Estirekin lan egitea; oso zail ikusten dut halako esperientzia bat errepikatzea", dio Anek: "Bere lan egiteko modua oso ona izan da umeentzat, interpretazioak inprobisazioen bidez egin baitira, joko baten moduan".

Julene eta bere familia ez da kontziente izan filmak sortu zezakeen oihartzunaz Alemaniako Berlinale sarietan izan zuen arrakasta ikusi arte. "Izan ere, martxoaren erdian izan den Malagako festibalean ikusi ahal izan dugu filma osorik aurrenekoz, eta esan beharra dugu benetan merezi duela ikusteak. Ofizialki apirilaren 21ean estreinatuko dute", gogoratzen du Jon Ander Puente aitak. Bere burua pantaila handian ikusteak zirraraz bete du Julene, "oso guay izan da", eta argi du berriro gustatuko litzaiokeela beste pelikula batean parte hartzea, "edozeinetan". Horretarako, ikastolako antzerki-taldean eman du izena. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun