Gaztelarre

Izaro Onandia: "Jazarpenaren inguruan berbarik egiten ez badugu gauzak ez dira aldatuko"

Ander Zarraga 2023ko api. 14a, 14:45

Sopelako Iberre institutuko ikasleek sexu-indarkeriaren aurkako lehen gazte-elkartea sortu dute: Gaztelarre. Euren helburua gazteak kontzientziatzea eta gizartean inpaktu positiboa duten jarduerak bultzatzea da. Zeregin horri ekiteko, Emargi eta Sopelako Udalaren laguntzagaz kalean zein sare sare sozialetan ematen den jazarpenari buruzko film labur bat argitaratu dute. Izaro Onandia Gaztelarreko kideagaz egon da HIRUKA euren proiektu eta helburuei buruz gehiago jakiteko. 

Aurreko ikasturtean, Emargi eta horren kidea de Amelia Tiganus aktibistagaz sexu-indarkeriaren inguruko hainbat saio egin zituzten Iberre Institutuko Batxilergoko ikasleakaz. Ekimen horretatik sortu zen Gaztelarre, Estatu espainiarreko sexu-indarkeriaren aurkako lehen gazte-elkartea. "Gaztelarre sortzea erabaki genuen gure proiektuak lasai garatzeko eta aktibismoan herritik hasi ahal izateko", azaldu du Izaro Onandiak Gaztelarreren kidea eta film laburraren protagonistetako bat.

Aurreko azaroaren 25ean aurkeztu zuten taldea eta martxoan kalean zein sare sozialetan ematen den jazarpenari buruzko film laburra argitaratu zuten. Onandiak dioenez, taldea hasierako kideek osatzen dute, baina ikasturte honetan Emargi Plentziako institutuan ere ari da saioak egiten, beraz, gazte gehiago animatzea espero dute. Dioenez, "ikasketakaz ez da erraza parte hartzeko denbora aurkitzea, baina proiektu edo ekintzaren bat egiteko aukerarik baldin badago, beti parte hartu daiteke moduren batean. Ez dugu jende kopuru handia bilatzen, konpromisoa hartuko duten pertsonak baizik”.

Onandiak azpimarratu duenez, euren jarduerak ez dituzte sare sozialen arazora mugatu gura, herriko beste talde batzuekaz ere jarduerak egiten dabiltzala gaineratu du. Besteak beste, Sopelako Neska* Gazteakaz ere elkarlanean aritu direla kontatu du, "ikasketek uzten diguten neurrian". Gaineratu duenez, "gure helburua jendeari laguntzea eta gizartean inpaktu positiboa izatea da, eta horretan ari diren taldeei ere lagundu gura diegu; elkarlanetik zerbait ona atera daitekeela erakutsi gura dugu". 

Hainbat jazarpen mota

Gaztelarrek Area Comunicacion ekoizpen-etxeagaz egindako bideoan emakumeek pairatzen duten jazarpenaren errealitatea modu gordinean islatu gura izan dute. Horretan, kalean ematen den jazarpenaz gain, sare sozialetatik egiten diren erasoak ere irudikatu dituzte; izan ere, emakumeen % 80ak sare sozialetan jazarpen-egoeraren bat jasan duela nabarmentzen da film laburrean. 

Onandiak kontatu duenez, gazteen ikuspegitik arazoa hurbilagotik ikusten da, beraiek egunero erabiltzen baitituzte sare sozialak elkarregaz komunikatzeko. "Sare sozialetan kalean egon daitezkeen arazo berdinak daude. Interneten bidez ematen den jazarpenak eragin handia du eta azkenean maila fisikoan ere eragiten dizu; gainera, edonork ikusi edo jarraitu ahal zaitu eta profil faltsuen bitartez ere jazarpena egin ahal dizute anonimotasuna mantenduz".

Horren muturreko adibide bat dira OnlyFans bezalako ordainpeko sare sozialak. Horietan, jendeak edozein motatako edukiak igotzen ditu eta ikusleek horiengatik ordaintzen dute. "Horrelako sare sozialek askatasun-ilusio faltsu hori ematen dute eta igotzen ari zarena kontrolatzen duzula uste duzun arren, azkenean, bezeroentzako produktu bihurtzen zara eta merkatuaren menpe geratzen zara", ohartarazi du sopeloztar gazteak.

Hala ere, ez dago muturreko egoeretara joan beharrik. Onandiaren arabera, arazoa gazte guztiek erabiltzen dituzten Instagram bezalako sare sozial ezagunetan hasten delako: "15 urteko neska gazteek barruko arropan azaltzen diren argazkiak partekatzen dituzte, eta hor ere jazarpena ematen da. Neska horien gorputzak hipersexualizatu egiten dira, eta gazteen artean presio ikaragarria sortzen da horren eraginez".

Hala ere, onartu du arazoaz jabetzea askotan ez dela hain erraza: "Hasieran, broma bat bezala hartzen duzu, baina horren inguruan serio hitz egitean konturatzen zara zure adineko neska askok bizi izan dituztela horrelako egoerak eta arazoaz jabetzen hasten zara". 

Mutilak ere 

Emakume gazteez gain, gizonezko gazteek ere Gaztelarren parte hartzea gustatuko litzaiekeela dio, beraiek ere beste biolentzia mota batzuk jasaten dituztelako: "Azken finean, gaur egun, mutilen eta nesken artean oraindik ezarrita dauden estereotipoak asko baldintzatzen gaituzte eta denok elkarregaz eragin behar dugu zerbait aldatzea nahi baldin baditugu". Zentzu horretan, Onandiak azpimarratu du mezuaren arabera eragina lortu daitekeela dela mutilengan ere: "Jazarpenaren arazoa ikusarazten ez badiegu, konponbideren parte direla ohartzen ez badira, arazoak hor jarraituko du eta okertu besterik ez da egingo".

Albo batera ez begiratzearen garrantzia azpimarratzen duen esaldiagaz bukatzen da bideoa. Onandiak nabarmendu duenez, horrek mahaian kolpe bat eman eta arazoaren inguruan zerbait egitearen beharra adierazten du: "Askotan, ezikusiarenak egiten dugu, berriz ere gertatuko ez delakoan, baina jazarpenaren inguruan berbarik egiten ez badugu gauzak ez dira aldatuko; zenbat eta gehiago berandutu orduan eta txarragoa eta zailagoa izango da hortik irtetea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun